EKINN TALENT EKITALDIA

Talentu gaztea Reale Arenan

Vídeo

Reale Arenak hartu du EKINN Talent ekitaldiko aurtengo edizioa. Ekimen horrek helburu du hiriko gazteak lan merkatura hurbiltzea, eta Donostiako Sustapenak antolatzen duen Berrikuntzaren Astearen barruan kokatzen da.

Ekitaldia 9:30ean hasi da, Ane Oyarbide Donostiako Udaleko Berdintasuna, Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziaren eskutik. Ondoren, Lanbide Heziketako 400 ikasle inguruk aukera izan dute beren enplegagarritasuna hobetzeko moduen berri izateko, profesionalek emandako tailerren bidez.

Alazne Arocena Donostiako Sustapeneko berrikuntza eta lehiakortasun teknikariak ekitaldiaren helburuei buruz duen ikuspegia azaldu du, eta azpimarratu du oso garrantzitsua dela gazteek Donostia hautatzea karrera profesional arrakastatsu bat garatu ahal izateko leku gisa: "Horrelako ekitaldien helburu nagusia da gure gazteei laguntzea lurraldean garapen profesional bat izan dezaten. Oso garrantzitsua da talentua identifikatzea eta fidelizatzea, talentu horrek hirian geratzea erabaki dezan. Horrek lehiakorragoak egingo gaitu".

Era berean, Arozenak adierazi du pozik dagoela ekitaldiaren antolaketarekin: "Lanbide Heziketako 400 ikasle inguru bildu ditugu, eta oso pozik gaude ekitaldiaren inguruko guztiarekin. Ikasleek eta irakasleek oso positibotzat jo dute estadioan izatea. Izan ere, ohore bat da Reale Arenan egotea".

Imanol Berasarte robotikako ikasleak eta Olatz Errasti mekanikako irakasleak, berriz, ekitaldia Realaren estadioan egitearen garrantzia azpimarratu dute. "Txikitatik naiz Realeko bazkide; hemen egotea gozamen hutsa da", adierazi du Imanolek. "Ekitaldi hau hemen izateak biziki animatzen ditu ikasleak are gogo handiagoarekin etortzera", esan du Olatzek.

Talentu gaztearen prestakuntza eta garapenaren aldeko apustua Realak hiriarekin partekatzen dituen balioak dira, eta modu aktiboan egiten du haien aldeko ekarpena. Hartara, horrelako ekitaldi bat hartzeak, Reale Arena ekitaldi anitzeko gune gisa kokatzeaz gain, klubaren ikuspegi hori indartzen du.