BORUSSIA DORTMUND 2-0 REAL SOCIEDAD

Agur harrotasunez

Realak bere ibilbidea amaitu du Premier League International Cup txapelketan gaur arratsaldean finalerdietan Borussia Dortmunden aurka bi eta huts galdu eta gero. Gipuzkoarrak finaletik pauso batera geratu dira, baina bidea izugarria izan da eta beste behin ere, gure harrobiaz oso harro egoteko modukoa da.

Donostiarrek hobeto ekin diote partidari eta Marchalek lehenengoa izan du area kanpotik jaurtitako eskuinkada batekin. Hortik aurrera, alemaniarrak nagusi izan dira eta aukera on pare bat izan dituzte: lehenengoa Reitzen ezkerkada batekin, langa gainetik joan dena, eta bigarrena Fausten beste batekin, Calderonek bikain atera duena. Gipuzkoarrak neurketaz jabetu dira atsedenaldira iritsi baino lehen, gola oso gertu izanik. Baloiaren irteeran berreskuratu ostean, Eceizabarrenak Gorka Gorosabeli utzi dio, baina Ritterrek kornerrera aldentzea lortu du erdilaria buruz burukoan errematatzera zihoanean. Azken biak Agotek eta Ayok izan dituzte: lehenengoa atezainak kornerrera urrundu duen ezkerkada batekin eta bigarrena, korner horretan bertan, apur bat desbideratuta joan den burukada batekin.

Alemaniarrek Kabarren ezkerkada batekin abisatu dute lehenengo, Folgadok zailtasunekin urrundu duena; aldaratzea Etcibasiri erori zaio, eta Calderonek, atepean, bere erremtea urruntzea lortu du. Txuri-urdinek Mariezkurrenaren eskuinkada batekin erantzun dute, apur bat desbideratuta joan dena. Bigarren zatiaren erdialdera eta Reitzen jokaldi bikain baten ondoren, Etcibasik, oraingoan bai, ez du barkatu atezaina driblatu eta ate aurrean gola sartu ostean. Donostiarrek berea izan dute norgehiagoka berdintzeko, baina Ayoren burukada Heldtek harrapatu du. Azken txanpan, kontraeraso batean, Diallok partida erabakita utzi du.

Txuri-urdinek agur esan diote harrotasunez Premier League International Cup-i. Donostiarren txapelketa handia, azken-aurreko kanporaketaraino iritsiz eta Europako talde onenetako baten aurka bikain lehiatuz. Aupa Real!

Fitxa teknikoa:

Borussia Dortmund: Heldt, Krevsun, Reggiani (Riedl, min. 63), Ritter (Fahrenhorst, min. 83), Kabar, Reitz (kap.), Duarte (Hoy, min. 88), Zarquelain, Faust, Albert (Diallo, min. 63) eta Etcibasi.

Real Sociedad: Folgado, Garro, Ayo, Calderón, Agote, Oleaga (Telletxea, min. 85), Eceizabarrena (Lebarbier, min. 76), Ramírez (X. Fernández, min. 76), G. Gorosabel, Marchal eta Mariezkurrena (kap.) (Garitaonaindia, min. 76).

Golak: 1-0: Etcibasi, min. 68; 2-0: Diallo, min. 90.

Epailea: Harrison Blair. Txartel horia erakutsi dio kanpoko Oleagari.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!