DEPORTIVO ALAVES 0-4 REAL SOCIEDAD

Agurrik onena

Vídeo

Ez dago lehen itzulia eta urtea agurtzeko modu hoberik euskal derbi berri bat eramatea baino. Txuri-urdinek 0-4 irabazi diote Alavesi, partida bikaina jokatu ondoren, eta lehen itzuli historikoa itxi dute horrela.

Intentsitate eta emozio handiena urteko azken partidan. Horrela bizi izan da Deportivo Alavesen eta Realaren arteko derbia Ibaian. Gipuzkoarrek lehen zatiko aukerarik argienak izan dituzte. Lehenengoa partidako 7. minutuan iritsi da, Amaiurrek area barrutik egindako erremate batek zutoinean jo ostean. Etxekoen erantzuna berehala etorri da, baina Ane Mirenen jaurtiketak ere ez du aterik aurkitu. Natalia Arroyoren taldeak garaipenarekin itxi nahi zuen lehen itzulia, eta markagailua ireki nahian gora egin du. Ordu laurdena bete baino lehen, Gemmak lehenengoa izan du botetan, Amaiurrek eskegi duen korner baten ondoren, baina bere jaurtiketa langa gainetik joan da. Amaiurrek gertu izan du gola, baina Cris Cornejo atezainak lehenengoa eragotzi du buruz burukoan. Realak saiatzen jarraitzen zuen, eta partidako 38. minutuan Emmak aurretik jarri ditu txuri-urdinak, areaz kanpotik egindako gol ikusgarria eskuadratik sartuta. Azken minutuak gipuzkoarrentzat izan dira, atsedenaldia baino lehen aldeak handitzen saiatu baitira. Sentsazio onak lehen berrogeita bost minutuak amaitzeko.

Hasiera bikaina eta bigarren zati harrigarria Natalia Arroyoren neskentzat. Bigarren zatiko 10. minutua bete baino lehen, Gabyk aldea handitu du, korner baten irteeran bigarrena eginez. Une horretatik aurrera, txuri-urdinak nagusi izan dira. Partidako 63. minutuan, Amaiurrek hirugarrena egin du, Franssik jarritako baloi bat sare barrura bidali ondoren. Eta handik gutxira iritsi da azken gola. Iraiak baloi bat zintzilikatu eta Gabyk kontrolatu egin du area barruan, eta honek azpitik gainditu du atezaina, laugarrena eginez.

Arratsalde bat gogoratzeko, txuri-urdinen joko bikainagatik eta horrela urtea garaipenarekin eta lehen itzuli historiko batekin ixteko. Gipuzkoarrak denboraldi bikaina egiten ari dira eta sailkapeneko bigarren postua sendotu dute. Jarrai dezala erritmoak 2022an! Aurrera Reala!

 

Fitxa teknikoa:

Deportivo Alaves: Cris, S. Majarin, Ohale, Gaste (Nerea, min.60), Gema (Clark, min.82), Ane Miren, Carla (C. Auñon, min. 82), Garazi, Miriam (kap.), Carrillo (Sanadri, min. 74), Miku (Chamorro, min.60).

Real Sociedad: Elene, Emma (Allegra, min.74), Etxezarreta, Tejada (Vanegas, min. 30), Nuria R., I. Arnaiz (Pleuler, min. 74), Mirari (Iraia, min.70), Gaby, Gemma, Amaiur (kap.), Franssi.

Golak: 0-1: Emma Ramírez, min. 38; 0-2: Gaby, min. 54; 0-3: Amaiur, min. 63; 0-4: Gaby, min. 71

Epailea: Martinez Martinez. Txartel horia erakutsi die etxeko Gemari eta kanpoko Pleulerri.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!