REAL SOCIEDAD 2-0 ATLÉTICO DE MADRID

Agurrik onena

Realak garaipen bikain batekin itxi du denboraldia, gaur goizean Zubieta Estadioan Atletico de Madridi bi gol eta huts irabazita. Horrela, txuri-urdinek historiara pasako den urte bat agurtzen dute, Europarako txartela ematen duen hirugarren postua eskuratu ostean. Izugarria.

Donostiarrek indartsu ekin diote partidari eta lehen abagunea Lauren Lealek bere atean eta Lucia Pardok egindako erremate bikoitzean iritsi da; bietan, baloiak zutoinean jo du. Madrildarrek arriskua sortu dute kontraerasoan eta gola sartzeko beste aukera bikoitz bat izan dute, baina Arrularen eta Paula Fernandezen artean, azken honek baloia atepetik aterata, gola eragotzi dute. Ordu erdia bete baino lehentxeago, Emmak baloi ezin hobea jarri dio Lucia Pardori area barruan, eta aurrelariak ez du aukera alferrik galdu barrura joan den ezkerkada ikusgarri batekin. Gol ederra.

Bigarren zatia bi taldeentzako aukerekin igaro da, baina txuri-urdinak ziren iristen ziren bakoitzean arrisku sentsazio gehien ematen zutenak. Jokaldi horietako batean, Nereak, asistentzia bikain batekin, bakarrik utzi du Cecilia, eta honek ez du barkatu buruz burukoan jaurtiketa geldiezin batekin bigarrena egiteko. Partida moteltzen joan da minutuek aurrera egin ahala eta donostiarrek kontrolpean izan dute une oro.

Garaipena denboraldia amaitzeko. Gainera, azken urteetan funtsezkoak izan diren bost jokalari agurtu ditugu: Lucía Rodríguez, Andreia Jacinto, Emma Ramírez, Claire Lavogez eta Lucía Pardo. Hori egiteko modurik onena hiru puntu hauekin izan da. Datorren urtean ere lehian jarraituko dugu, eta espero dezagun denboraldi honetan bezala edo gehiago gozatzea. Eta, gainera, Europan. Aupa Real!

Fitxa teknikoa:

Real Sociedad: J. Arrula, Emma (Cecilia, min. 69), Lucía, Apari, Moraza (kap.), Aiara (Florentino, min. 87), P. Fernández, Andreia, Lavogez (Intza, min. 69), L. Pardo (N. Eizagirre, min. 69) eta Mirari (Cahynová, min. 57).

Atlético de Madrid: L. Gallardo (kap.), Luany (J. Bartel, min. 86), Lauren Leal, Menayo (Lydia, min. 69, Medina, R. Otermin (M. Portales, min. 69), Bøe Risa (Amaiur, min. 60), Natalia, Fiamma, Jensen eta Gio (P. Chinchilla, min. 69).

Golak: 1-0: L. Pardo, min. 26; 2-0: Cecilia, min. 71.

Epailea: Ylenia Sánchez. Txartel horia erakutsi die kanpoko Menayo eta Medinari.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!