LEVANTE UD 4-1 REAL SOCIEDAD

Ahazteko modukoa

Realak 4-1 galdu du arratsalde honetan Levante UD taldearen aurka Buñolen. Txuri-urdinek lehen zati bikaina egin dute, baina bigarrena ahazteko modukoa izan da eta zigor gogorra jaso dute.

Lehen zatia oso lehiatua eta parekatua izan da, joan-etorri etengabekoa, baina markagailua ez da mugitu. Donostiarrek aurre egin diote ligako talderik onenetako bati, eta ez dira inoiz aurkaria baino gutxiago izan. Etxekoen aukerarik onena lehen minutuetan iritsi da Mayraren erdiraketa batekin. Alba Redondok area txikitik kanpora bidali du baloia. Andreiaren eta Amaiurren erremate pare batekin erantzun diote txuri-urdinek. Tarazonak biak arazorik gabe harrapatu ditu. Nereak izan du donostiarren onena, baina bere jaurtiketa gurutzatua desbideratuegi joan da. Lehen zatiko azken txanpan beste aukera bat talde bakoitzarentzat: Erikaren erremate bat, kanpora oso gutxigatik joan dena, eta Jensenen beste bat, langaren gainetik kasu honetan.

Lehen berrogeita bost minutu on batzuen ondoren, bigarren zatia zoritxarrekoa izan da. Alba Redondok aurretik jarri ditu etxekoak lehen jokaldian, Mayraren erdiraketa aprobetxatu eta Lete buruz burukoan gaindituta. Handik gutxira, Kolonbiako aurrelariak aldea handitzea lortu du hamaika metroetatik, eta, ordu laurden eskasean, partida erabakita geratu da Alba Redondoren gol berri batekin. Aitaren batean. Levantek min egiten jarraitu du eta Alba Redondok hat-tricka sinatu du laugarren gola eginez bere taldearentzat. Nahiz eta guztia erabakita egon, azken txanpan Mirarik emaitza murriztea lortu du. Amaiurrek ere gola sartzeko beste bi aukera on izan ditu, baina ez du asmatu.

Kolpe gogorra Realarentzat, bigarren zati kaskar baten ostean Valentziatik esku-hutsik alde egin dute eta. Datorren igandean beste hitzordu garrantzitsu bat: derbia Reale Arenan Athletic Cluben aurka. Aurrera Reala!

Fitxa teknikoa:

Levante UD: Tarazona, Alharilla (kap.) (Antonia Silva, min. 46), M. Méndez, V. Calligaris, Estela (Paula T., min. 46), L. Baños (Júlia, min. 81), P. Fernández, Tatiana P. (S. Lloris, min. 78), Érika (Andonova, min. 46), M. Ramírez eta Redondo.

Real Sociedad: Lete, Allegra, Etxezarreta, Vanegas, Izarne (Le Guilly, min. 62), I. Arnaiz (Gemma, min. 62), Andreia, Franssi, N. Eizagirre (kap.) (Mirari, min. 62), Amaiur y Jensen (Maddi, min. 78).

Golak: 1-0: Alba Redondo, min. 47; 2-0: M. Ramírez (pen.), min. 58; 3-0: Alba Redondo, min. 63; 4-0: Alba Redondo, min. 77; 4-1: Mirari, min. 84

Epailea: Peñalver Pearce. Txartel horia erakutsi die etxeko Estela eta Antonia Silvari.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!