VALENCIA CF 1-3 REAL SOCIEDAD

Amaiera ezin hobea

Vídeo

Realak ahalik eta ondoen itxi du denboraldia arratsalde honetan. Txuri-urdinek Valencia CFri bat eta hiru irabazi diote Luis Suñer Picon, lehen zati bikainari esker.

Gipuzkoarrek bosgarren postuan amaituko zuten denboraldia, Atletico de Madridek baino ordu batzuk lehenago garaipena lortu ostean. Hala ere, motibatuta atera dira partidara. Lehen zatia donostiarrena izan da argi eta garbi, gol aukera ugari sortuz. Bi minutura Amaiurrek txuri-urdinak aurreratu ditu, Nereak eskuinetik erdiratu eta atezainaren aldaratzea aprobetxatu eta gero. Valentziarren aukera bakarra handik gutxira iritsi da, Anita Marcosen errematearekin, langa gainetik joan dena. Kanpokoek aldea handitzeko helburuarekin jarraitu dute eta Lucia lortzeko zorian izan da, langan jo duen ezkerkada batekin. Atsedenaldia iritsi baino lehentxeago, Franssik bigarrena egin du, Ceciliaren erremateak langan jo eta aldaratzea barrura bidali ostean.

Bigarren zatia askoz parekatuagoa izan da, bi taldeek aukerak izan dituzte eta valentziarrek aurrerapausoa eman dute. Txuri-urdinak izan dira, hori bai, aurkariaren areara begira arrisku gehien eraman dutenak, presioa eginez eta baloia etengabe lapurtuz. Argiena Nerea Eizagirreren bitartez iritsi da, area barrutik egindako errematearekin, ate gainetik joan da. Aguadok berea izan du etxekoentzat, zutoin ondotik kanpora joan den jaurtiketa batekin. Amaierarako hamar minuturen faltan, Amaiurrek kontraeraso batean erabaki du garaipena. Eta handik gutxira, Aguadok etxekoen ohorearen gola egin du korner batean.

Aurredenboraldia hasi zenetik hamaika hilabete jokatu ondoren, bosgarren postuan bukatu du Realak denboraldia. Orain, atseden hartzera eta hurrengo ikasturtea prestatzera. Aurrera Reala!

Fitxa teknikoa:

Valencia CF: Noelia Gil, Ortiz (Alguacil, min. 72), Herrero, Pujadas, Martin-Pozuelo, Bautista (S. Hernández, min. 46), Carro (kap.), Torroda, A. Martinez (Bonsegundo, min. 57), Jansen (Aguado, min. 46) eta A. Marcos (A. Serrano, min. 57).

Real Sociedad: Quiñones (kap.), Lucia, N. Mendoza, Tejada (Maddi, min. 80), Nuria R., Itxaso (Itxaso, min. 80), Gemma, Amaiur (Cecilia, min. 84), N. Eizagirre (L. Baños, min. 68), Cecilia (Mirari, min. 68) eta Franssi.

Golak: 0-1: Amaiur, min. 2; 0-2: Franssi, min. 40; 0-3: Amaiur, min. 79; 1-3: Aguado, min. 84

Epailea: Martinez Madrona. Txartel horia erakutsi die etxeko Martin-Pozuelo eta Carrori.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!