REAL SOCIEDAD 0-1 FC BARCELONA

Amorrua

Realak irabaztea merezi izan duen partida galdu du. Horrela izan da. Araujok luzapenean sartutako gol batek txuri-urdinen la nona zapuztu du, lehen zatian batez ere aukera ugari izan ostean gola sartzeko. Kolpea.

Reala bikain atera da berdegunera. Lehen hamar minutuetan lau abagune argi izan ditu. Barrenek, atezainak urrundu duen jaurtiketa batean; Oyarzabalek, Araujok atzean utzitako pase batekin; Merinok, burukada batekin korner baten irteeran; eta Takek, Ter Stegenek aldaratu duen eskuinkada batean. Gola besterik ez zen falta, baina Imanolen taldea jaun eta jabe izan da. Kanpokoek ez dute ia Remiro arriskuan jarri. Realak aurretik joatea merezi izan du, baina goian barkatu du.

Bigarren zatian areagotu egin da txuri-urdinen nagusitasuna eta kontrol handiagoa izan dute. Barreneren bolea bat, atezainari hegan eginarazi diona, korner asko, erdiraketak areara… Erasoak bata bestearen atzetik gertatu dira, baina amaitzea falta izan da. Erabateko nagusitasuna izan da golaren gabezia bakarrarekin. Azken txanpan, katalanek estutu egin dute eta, Remirok Gaviren jaurtiketa argi bat urrundu ostean, eta luzapenean, Araujok buruz errematatu du, kanpokoei garaipen bidegabea emateko.

Talde hauen aurrean asmatzen ez duzunean, garesti ordain dezakezu. Hala izan da. Lastima. We are Real.

Fitxa teknikoa:

Real Sociedad: Remiro, Traoré (Aritz, min.62), Zubeldia, Le Normand, Aihen, Zubimendi, Merino, Brais Méndez, Barrene (Cho, min.79), Take eta Oyarzabal (kap)(Carlos Fernández, min.84).

FC Barcelona: Ter Stegen, Araujo, Koundé, Iñigo, Martínez, Balde, Gundogan, Gavi, Fermín (Ferrán, min.57), Cancelo (Raphinha, min.70), Joao Felix (Lamine Yamal, min.70) eta Lewandowski (Pedri, min.57).

Gola: 0-1: Araujo, min.92

Epailea: Alberola Rojas. Txartel horia erakutsi die etxeko Brais Méndez, Zubeldia eta Zubimendiri eta kanpoko Joao Felix, Iñigo Martínez eta Gaviri.

Asistentzia: 37.555 ikusle.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!