Gure hirugarren taldeak huts eta bat galdu du UD Logroñesen aurka gaur eguerdian Zubietan. Txuri-urdinek ezin izan dute Najerak lehen zatian egindako gola berdindu eta beste porrot bat jaso dute denboraldi honetan etxean jokatutako azken partidan.
Neurketa erritmo biziarekin hasi da. Lehen aukera Fernandorenak izan du urrunetik egindako ezkerkada batekin, baina kanpokoen atezainak geldiketa bikain batekin erantzun dio baloia kornerrera bidaliz. Errioxarrek erreakzio Lupuren aukera oso argi bat izan da, Zango atzean utzi ostean, Roperok marra azpian atera duen jokaldi batean. Donostiarrek gola gertu izan dute Aguirrek langara bota duen burukada batekin Oleagaren erdiraketa neurtu baten ostean. Handik gutxira, Zangok Agueroren gola eragotzi du. Hala ere, atsedenaldira iritsi aurretik, errioxarrek saria aurkitu dute Najeraren golari esker, taldeko jokaldi on baten ondoren. Azken minutuan, Cabo boleaz saiatu da urrutitik, baina bere ezkerkada Royok gelditu du.
Bigarren zatia hasi eta berehala gipuzkoarrek aukera ona izan dute berdinketa lortzeko, baina errioxarren atezainak Gorka Gorosabelen eskuinkada kornerrera bidali du. Minutuek aurrera egin ahala, neurketaren intensitatea jaitsiz joan da. Etxekoek baloi jabetzarekin jarraitu dute baina arrisku handirik sortu gabe. Azken txanpan, UD Logroñés kontraerasoren batean eta geldikako jokaldietan errenta handitzeko gertu egon da. Hala ere, aukerarik argiena Arrutik izan du Royok geratu duen urrunetik egindako eskuinkada batekin. Ez da gehiagorako denborarik izan eta norgehiagoka bat eta hutsekoarekin amaitu da.
Porrota gure bigarren filialarentzat denboraldi honetan etxean jokatu duten azken partidan. Txuri-urdinek, dagoeneko jaitsiera ziurtatuta zutela aurreko astetik, datorren igandean agurtuko dute urtea Gernikari bisita eginez.
Fitxa teknikoa:
Real Sociedad C: Zango, Garro, Díaz de Alda, Ropero (kap.), Fernandorena (Ferrer, min. 81), Oleaga (Torres, min. 81), Aguirre, Cabo (Arruti, min. 61), G. Gorosabel (Otadui, min. 61), Nebreda (H. Rodríguez, min. 61) eta Soroeta.
UD Logroñés: E. Royo, Yasin, Monreal, Bobadilla, Á. Mateo, Caballero (Garrido, min. 87), Sarriegi (kap.), Nájera (Iñaki, min. 76), J. Agüero (Pau López, min. 71), Madrazo eta Lupu (Barrero, min. 87).
Gola: 0-1: Nájera, min. 41.
Epailea: López Romera. Txartel horia erakutsi die etxeko G. Gorosabel, Oleaga, Aguirre, Soroeta eta Torresi eta kanpoko Monreali.