50 urte geroago

Atotxako ikurrina, San Mamesen

Realak eta Athleticek elkarrekin berregingo dute 1976ko abenduaren 5eko irudia, Jose Angel Iribar eta Inaxio Kortabarria buru direla.

Badira futbol kluben historiari betiko lotuta geratzen diren data eta keinuak. 1976ko abenduaren 5ean Atotxan gertatutakoa Realaren, Athleticen eta, oro har, euskal gizartearen memoria partekatuaren parte bilakatu zen. Inaxio Kortabarria eta Jose Angel Iribar kapitain zituzten bi taldeak ikurrinarekin zelaira irteten erakusten dituen irudia ikur bihurtu zen, eta bost hamarkada geroago ere bere horretan dirau haren balio historiko eta sozialak.

Reala eta Athleticen arteko ekimen partekatu baten emaitza gisa, egitasmo historiko hura datorren igandean errepikatuko da, San Mamesen jokatuko duten LaLiga EA Sports txapelketako 11. jardunaldiko partidaren aurretik. Jose Ángel Iribar eta Inaxio Kortabarria berriz ere zelaira irtengo dira Atotxan erabilitako jatorrizko ikurrina eskuetan dutela, eta gaur egungo jokalari zuri-gorriek eta txuri-urdinek osatutako ohorezko pasabide batek egingo die harrera. Ondoren, guztiak batera agertuko dira bi taldeen historia hurbileko irudirik adierazgarrienetako bat berregin eta 1976an Realeko eta Athleticeko jokalariek bultzatutako keinu hari gorazarre egiteko. 

Bi klubek partida ikustera joango diren zaleei estadiora behar besteko aurrerapenarekin sartzeko deia egiten diete, omenaldi hau ikusi eta bertan parte hartu ahal izan dezaten.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!