Sansek hiru eta bi irabazi dio Ponferradinari gaur arratsaldean Zubietan. Txuri-urdinek hiru puntuak eskuratu dituzte aurkari zuzen baten aurka intentsitate handiko partida batean eta ia ziurtatuta dute Bigarren Mailara igotzeko playoffetako postua.
Bi taldeak intentsitate handiarekin zelairatu dira eta donostiarrek aurrea hartu dute Gotik zelai erditik egindako ezkerkadak langan jo eta Andres Prieton errebotatu ostean. Handik gutxira, Gotik berak pase bikaina eman dio Astiazarani eta honek atezaina gainditu du etxekoen abantaila handitzeko. Hurrengo jokaldian, epaileak Carrerari gola baliogabetu dio aldez aurreko falta batengatik. Etxekoek gehiagoren bila jarraitu dute eta Marchal hirugarrena egitetik oso gertu egon da langan jo duen eskuinkada batekin. Gipuzkoarrak hobeto zeudenean, kanpokoek aldea murriztu dute zorteko gol batekin, Lanchok egindako erdiraketa ez baitu inork errematatu eta sarera sartu baita. Azken minutuetan, Bierzoko taldea berdinketa lortzen saiatu da baina txuri-urdinen defentsa sendo mantendu da atsedenaldira bi eta batekoarekin iristeko.
Bigarren zatian, Ponferradina martxa bat gehiagorekin atera da eta Bustosek korner batean egindako jaurtiketa batekin berdinketaren gola lortu du. Hortik aurrera, partida hautsi egin da eta bi taldeak hirugarrenaren bila joan dira, leondarrak izanik gertuen egon direnak. Hala ere, jada azken txanpan, Gotik beste kontraeraso bat hasi du eta, bere ezkerkada Andres Prietok gelditu ondoren, Eder Garciak aldaratzea aprobetxatu du gipuzkoarrak beste behin aurretik jartzeko. Kanpokoek gora egin dute luzapenean, baina ez dute denborarik izan eta partida hiru eta bikoarekin bukatu da.
Aurrerapauso handia eman du Sansek gaur playoffa ziurtatzeko. Txuri-urdinek ez dute amore eman inoiz eta meritu handiko garaipena lortu dute. Datorren astean Arenteirori egingo diote bisita ahalik eta goren geratzeko puntuak lortzen jarraitzeko helburuarekin. Goazen!
Fitxa teknikoa:
Sanse: Fraga, Merino (Garro, min. 62), Beitia, P. Rodríguez (kap.), Balda, Carbonell (Lebarbier, min. 86), M. Rodríguez (E. García, min. 62), Astiazaran (Orobengoa, min. 75), Goti, Marchal (Ramírez, min. 86) eta Carrera.
SD Ponferradina: Andrés Prieto, Carrique, Sibille (Andújar, min. 71), Lancho (Mula, min. 83), Andoni López (Álex Costa, min. 71), Markel (kap.), Esquerdo, Yeray, Pau Ferrer (Borja Valle, min. 64), Bustos eta Cortés (Álvaro Ramón, min. 71).
Golak: 1-0: Andrés Prieto (b.a.), min. 11; 2-0: Astiazaran, min. 21; 2-1: Lancho, min. 33; 2-2: Bustos, min. 58; 3-2: E. García, min. 82.
Epailea: Ruipérez Marín. Txartel horia erakutsi die etxeko M. Rodríguez, Goti, Carbonell, Balda eta Carrerari eta kanpoko Sibille eta Yerayri.