RCD ESPANYOL 0-3 REAL SOCIEDAD

Azkenean

Reala garaipenaren bidera itzuli da hiru hilabete geroago, Dani Jarque Kirol Hirian RCD Espanyolen aurka huts eta hiruko merezitako garaipena lortuta.

Hasiera, oraingoan bai, ikusgarria izan da. Lehen minutuan markagailuan aurrea hartzea lortu dute donostiarrek: Cahynovak baloia berreskuratu du, Amaiurri eman dio eta honek, area barrutik ezkerkada eder batekin, baloia barrura bidali du. Gol izugarria. Kanpokoek estutzen jarraitu dute eta Cecilia aldea handitzeko zorian egon da Lavogezen baloi luze baten ostean; azkenean eskuinkada indartsuak zutoinean jo du. Ceciliak berak beste abagune argi bat izan du, oraingoan Amaiurren pase sakon baten ondoren, baina bere errematea Marrek urrundu du. Lavogezek ere berea izan du ezkerkada batekin, pixka bat desbideratuta joan dena. Lehen zatiko azkenak Andreiaren urruneko jaurtiketa batekin iritsi dira, gutxigatik alde egin duena, eta Amaiurren beste batekin, area aurrealdetik, langa gainetik joan dena. Txuri-urdinak erabat nagusi izan dira eta atsedenaldira askoz abantaila handiagoarekin iristea merezi izan dute.

Gipuzkoarrek nagusi izaten jarraitu dute aldageletatik igaro ostean, garaipena bideratuko zukeen bigarren gol baten bila. Lucia Pardoren area kanpotik egindako lehen saiakeraren ondoren, Franssik gola egitea lortu du, Ceciliak ezkerretik egindako erdiraketa eder baten ondoren. Bigarren zutoinean jarri du, finlandiar aurrelariak sare barrura bidal dezan, baloiak botea egiten utzi gabe. Amaierarako hamar minuturen faltan, Nereak Lucia Pardoren asistentzia aprobetxatu du eta ez du barkatu buruz burukoan hirugarrena sartuz. Azken gola, kapitainaren bitartez.

Beharrezko eta merezitako garaipena Realarentzat, azkenean azken hilabeteetako bolada txarra eteteko balio duena. Datorren igandean, Zubietan gaurko emaitza bikainari jarraipena ematera, denboraldiko sorpresa positiboetako baten aurrean: Granada CF. Aupa Real!

Fitxa teknikoa:

RCD Espanyol: Mar, Paula P. R (Iara, min. 46), L. Ballesté, Guerra, L. Vallejo, Mar T. (Carol, min. 46), Ainoa (Mbadi, min. 85), Aparicio A., C. Baudet (Carter, min. 62), J. Pablos (kap.) (A del Álamo, min. 79) eta L. Chamorro.

Real Sociedad: J. Arrula, Emma, Etxezarreta, Apari, Agirrezabala (N. Eizagirre, min. 62), Andreia, Cahynová (Lorena, min. 85), Franssi (Lezeta, min. 74), Lavogez (L. Pardo, min. 46), Cecilia eta Amaiur (kap.) (Mirari, min. 85).

Golak: 0-1: Amaiur, min. 1; 0-2: Franssi, min. 57; 0-3: N. Eizagirre, min. 81.

Epailea: Espinosa Ríos. Txartel horia erakutsi die etxeko L. Ballesteri eta kanpoko Cahynovari.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!