Gure hirugarren taldeak bat eta bi galdu du Deportivo Alavés B-ren aurka jokatutako derbian. Txuri-urdinak aurretik jarri dira, baina kanpoko taldeak azkar erantzun du berdinketaren golarekin. Neurketa modurik okerrenean amaitu da donostiarrentzat, azkeneko jokaldian Morcillok garaipenaren gola lortu duelako Gasteizko taldearentzat.
Óscar Fernándezen taldeak ondo hasi du partida, baloi jabetza eskuratzeko gai izan da eta. Txuri-urdinek baloia azkar mugitzen saiatu dira aurkariaren defentsa gainditzeko, baina asko kostatu zaie arriskua sortzea. Kanpoko taldea sendo mantendu da defentsan eta jokaldi azkarretan Jimemezen areara urbiltzeko gai izan da. De Leonek Mouraren erdiraketa bat errematatu du, baina bere jaurtiketa ate gainetik joan da. Pinillosek beste aukera bat izan du Alavesen filiala aurretik jartzeko area barruan sartu eta jaurti duenean. Roperok jokaldi defentsibo bikaina burutu du bere jaurtiketa aldaratzeko. Talde donostiarraren aukerarik argiena Otaduik izan du, langan jo duen jaurtiketa batekin. Partida berdinduta iritsi da atsedenaldira.
Bigarren zatian modu ezin hobean hasi da txuri-urdinentzat. Eceizabarrenak ezker hegalean jokaldi zoragarria egin ondoren, Arenzanari pasa dio baloia partidako lehenengo gola lortzeko. Kanpoko taldeak ondo erantzun du eta berdinketaren gola lortu du, Pinillosek Jiménez driblatu eta baloia sarera bidali duenean. Bi taldeek bilatu dituzte hiru puntuak amaierara arte. Garrok, etxeko taldean, eta Doumbiak, kanpoko taldean, gertu izan dute gola, baina atezainek beraien saiakerak aldaratu dituzte. Neurketako azken jokaldian iritsi da Alavesen filialaren gola, Morcillok pase sakon bat jaso eta Jiménez gainditu duenean.
Puntuek ihes egiten dute modu oso krudelean. Porrot honek talde txuri-urdinak igarotzen zuen momentu onarekin amaitzen du (bi garaipen eta berdinketa bat). Lanean jarraitzeko momentua, garaipenaren bidera bueltatzeko. Datorren astean UD Logroñés bisitatuko du Óscar Fernándezen taldeak.
Fitxa teknikoa:
Real Sociedad C: Jiménez, Garro, Díaz de Alda, Ropero (kap), Olarra, Oleaga, Astiazarán (Cabo, min. 87), Eceizabarrena (Arruti, min. 68), Samuyiwa (H. Rodríguez, min. 77), Otadui (Martín, min. 68) eta Arenzana (Carrera, min 77).
Deportivo Alavés B: Swiberski, Muñoz, Hernández, Olaiz, Ortiz, Mendes (kap) (Fontana, min. 46), Doumbia, Jay (Tafalla, min. 83), Pinillos (De Heredia, min. 83), De León (Arzak, min. 58) eta Moura (Morcillo, min. 66).
Golak: 1-0: Arenzana, min. 51. 1-1: Pinillos, min. 70. 1-2: Morcillo, min. 95.
Epailea: Casabona Isla. Etxeko Eceizabarrena eta Roperori, eta kanpoko Mendes eta Olaizi erakutsi die txartel horia.