SD EIBAR 1-1 REAL SOCIEDAD

Berdinketa derbian

Vídeo

Realak bana berdindu du Ipuruan Eibarren aurka jokatutako gipuzkoar derbian. Txuri-urdinek partida dominatu dute baina ez dute lortu etxera hiru puntuekin itzultzea.

Donostiarrek lehen aukera garbia izan dute partida hasi eta berehala, baina Mirariren jaurtiketak zutoinean jo du. Hortik aurrera, jokoa moteldu egin da eta bisitariek jabetza kontrolatzen jarraitu dute, baina arrisku handirik sortu gabe. Baloi irteeran egindako akats baten ondoren, Vanegasek Camposi penaltia egin dio. Andreak ez du huts egin 11 metroetatik eta talde armagina aurretik jarri du markagailuan. Norgehiagokak ildo beretik jarraitu du eta txuri-urdinek zutoinarekin topo egin dute beste behin, Amaiurren jaurtiketa batean. Atsedenaldiaren atarian, Amaiurrek berak sartu du berdinketaren gola, Luciaren erdiraketa bikain baten ostean.

Atsedenalditik bueltan, bi taldeak gogotsu atera bigarren golaren bila, eibartarrak izanik aukera gehiago izan dituztenak. Andrea eta Campos gertu egon dira talde gorri-urdina berriz aurretik jartzeko, baina euren jaurtiketek langa jo dute. Sanchez Veraren taldeak partidaren kontrola hartu du berriro, eta gerturatze arriskutsuren bat edo beste izan du, baina ez du asmatu azken metroetan.

Berdinketa honi esker, Reala sailkapeneko laugarren postuan mantenduko da beste aste batez. Datorren larunbatean Zubietara itzuliko dira Costa Adeje Tenerife arerio zuzenaren aurka jokatzeko.

Fitxa teknikoa:

SD Eibar: Astralaga, L. Camino, Patri Ojeda, Mireia, Elba, Eider, Amani, Altonaga (kap) (A. Sierra, min. 87), Van Deursen, Campos (E. Pizarro, min. 71) eta Andrea (Monnecchi, min. 71).

Real Sociedad: Lete, Lucía, Apari, Vanegas, Cecilia (Emma, min. 77), Andreia, E. Guridi (Lezeta, min. 65), N. Eizagirre (kap), Lavogez (Cahynová, min. 65), Amaiur eta Mirari (Franssi, min. 46).

Golak: 1-0: Andrea (pen.), min. 18. 1-1: Amaiur, min. 45.

Epailea: Peláez Arnillas. Txartel horia erakutsi die etxeko Andrea eta Patri Ojedari.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!