GRANADA CF 3-2 REAL SOCIEDAD

Esku-hutsik

Realak ezin izan ditu lortu ligako lehen hiru puntuak, Granadaren aurka 3-2 galdu ostean. Partidan zehar, donostiarrak hiru aldiz egon dira markagailuan atzetik eta, amaierara arte dena eman arren, ezin izan dute emaitza positiborik atera.

Lehen zatian, txuri-urdinek konfiantzaz ekin diote erasoari eta hasieratik bilatu dute gola. Chacón korner baten ondoren saiatu da, baina defentsak baloia aldendu du. Aukerarik argiena Intzaren jaurtiketa batekin iritsi da, baina zoritxarrez, oso gutxigatik joan da kanpora. Etxekoen lehen aukeran, Arrulak Guridi bota du. Epaileak zalantzazko penaltia adierazi du eta, gipuzkoarrek FVS bidezko berrikuspena eskatu duten arren, epaileak ez du erabakia aldatu. Lelesek, hamaika metrotatik, aurretik jarri ditu nazariak. Donostiarren erreakzioa berehalakoa izan da, eta Chaconek, bere debutean, gol ikusgarria sartu du, Paula Fernandezen falta jaurtiketaren ondorengo erremate akrobatikoarekin, neurketa berriro berdinduz. Handik gutxira, Granadakoen baloi berreskuratze batean, Raquelek gol bikaina sartu du areaz kanpotik. Txuri-urdinek ez dute amore eman eta Cahynová izan da berriro partida berdindu duena, buruz egindako errematearekin, Paulak ateratako korner izugarriaren ondoren.

Bigarren zatia hasi bezain pronto, etxekoek berriro hartu dute aurrea, Irisek buruz sartutako golari esker. Donostiarrek lehen zatian lortutakoa errepikatu nahi izan dute, bi aldiz berdindu baitute partida, baina ez dute asmatu. Norgehiagokako azken hamabost minutuetan, Intza bere hegaletik saiatu da, hainbat erdiraketa eginez. Horietako bat pozoitu egin da, eta Yohanak esku hartu behar izan du. Seelenfreundek ere berdinketaren gola sartzeko aukera izan du area barruan egindako erremate ikusgarri baten ondoren, baina Yohanak geldiketa bikaina egin du. Neurketako azken aukeretako batean, Ainoak aukera oso argia izan du. Zoritxarrez, bere errematea oso gutxigatik joan da desbideratuta. Azkenean ez da gehiagorako denborarik izan.

Porrot gogorra txuri-urdinentzat, ligako hasiera honetan punturik lortu gabe jarraitzen baitute. Hurrengo jardunaldian, Zubietara itzuliko dira bolada txarrari amaiera eman eta hiru puntuak lortzeko asmoarekin UD Teneriferen aurka.

Fitxa teknikoa:

Granada CF: Yohana, Teresa, Jujuba (kap.), Jenni López, Paula P.R. (N. Sanmartín, min. 82), D. Miñambres, E. Guridi (Miku, min. 74), Leles, Raquel, Fon (Ana Martos, min. 67) eta Iris Ashley (Vera, min. 82).

Real Sociedad: J. Arrula, Esther (Ainoa, min. 73), Florentino, Moraza (kap.), L. Camino (Seelenfreund, min. 73), Cahynová, P. Fernández, Intza, Arola A. (Cecilia, min. 58), Chacón (N. Eizagirre, min. 66) eta Ainhoa M.

Golak: 1-0: Leles, min. 20 (pen.); 1-1: Chacón, min. 22; 2-1: Raquel, min. 30; 2-2: Cahynová, min. 45+1; 3-2: Iris Ashley, min. 46.

Epailea: Alicia Espinosa. Txartel horia atera dio etxeko Ana Martosi.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!