1913KO EDIZIOA

Berriro txapeldunordeak

1909an Kopa titulua eta 1913an txapeldunorde izan ondoren, Reala bere bigarren titulua lortzeko borrokan aritu zen amaierara arte, baina txapeldunorde izatearekin konformatu behar izan zuen. Hiru urte lehenago bezala, kluben arteko zisma batek 1913ko Kopako bi txapelketa jokatzea eragin zuen. Batetik, Federazioak antolatutakoa, Madrilen jokatu zena, eta bestetik Kluben Elkartearena, Bartzelonan jokatu zena katalanekin eta galiziarrekin tituluarengatik lehiatzeko.

Kluben Elkarteko txapelketan lau taldek eman zuten izena: Realak, FC Barcelonak, Sporting de Irunek eta Sporting de Pontevedrak. Bi talde gipuzkoar zeudenez, bien arteko lau partiden atariko kanporaketa bat jokatzea adostu zen, Bartzelonara zein joango zen erabakitzeko.

Sporting de Irunen aurkako ligaxkan, txuri-urdinak nagusi izan ziren lau partidetatik hirutan irabaziz eta bestea berdinduz.

Sporting de Pontevedra erretiratu izanak titulua buruz burukoan utzi zuen FC Barcelonaren eta Realaren artean. Bi taldeek partida bikoitzeko final bat jokatzea adostu zuten, La Escopidera izeneko Industria Kaleko zelaian.

Realak Elosegiren eta Olivanen baja garrantzitsuak zituen, baina Kopako bigarren titulua lortzea espero zuen, nahiz eta kontrako zelaian eta egungo txapeldunen aurka jokatzea desabantaila izan.

Lehenengo partida: FC Barcelona 2-2 Real Sociedad

Lehenengo partida martxoaren 16an jokatu zen, jende ugariren aurrean. Donostiarrak nagusitzen hasi ziren eta, nagusitasun horren ondorioz, Arrillagaren gola iritsi zen. FC Barcelona erreakzionatzen saiatu zen arren, txuri-urdinak bikain aritu ziren defentsan eta atsedenaldira kanpokoen abantailarekin iritsi ziren.

Bigarren zatian katalanak indartsu atera eta Anechinoren atea inguratu zuten. Fornsek, urruneko jaurtiketa batekin, berdinketaren gola lortu zuen eta, handik gutxira, Apolinario Rodriguezek bigarren gola egin zuen. Partida amaitzear zegoenean eta etxeko zaleek garaipena dastatzen ari zirenean, donostiarrek berdinketa lortu zuten Minondoren gol bati esker.

Hamaikakoak honako hauek izan ziren:

FC Barcelona: Reñe, Irizar, Amechazurra, Castejon, Massana, Bori, Forns, Oller, Berdie, Apolinario eta Peris.

Real Sociedad: Anechino, Arrate, Berraondo, Barandiaran, Machimbarrena, Arruti, Artola, M. Sena, Leturia, Arrillaga eta Minondo.

Bigarren partida: FC Barcelona 0-0 Real Sociedad

Hurrengo egunean itzulerako partida jokatu zen. Jende gutxiago bildu zen, laneguna zelako. Bi taldeek bezperako nekea nabaritu zuten eta jokoa, batez ere lehen zatian, monotonoa eta motela izan zen.

Atsedenaldira arte Reala izan zen nagusi eta bigarren zatian katalanak izan ziren nagusi. Partidaren amaiera hurbildu ahala emozioak gora egiten zuen, talderen batek gola sartzen bazuen txapeldun titulua lortuko baitzuen. Hala ere, katalanek eta gipuzkoarrek ez zuten garaipena lortu eta golik gabe iritsi zen partida bukaerara.

Bi berdinketen ondoren, bi taldeek hirugarren partida bat jokatzea adostu zuten, baina, Aste Santuarekin bat egin zutenez, hilaren 23ra arte atzeratu zen.

Hamaikakoak honako hauek izan ziren:

FC Barcelona: Reñe, Irizar (Berrondo), Amechazurra, Castejón, Massana, Bori, Forns, Oller, Alcantara, Apolinario eta Peris.

Real Sociedad: Eizaguirre, Arrate, Berraondo, Leturia, Machimbarrena, Arruti, Fernandez, M. Sena, Arrillaga (Larrañaga), Minondo eta Artola.

Hirugarren partida: txapeldunordeak

Martxoaren 23an, igandean, FC Barcelonaren eta Realaren arteko hirugarren eta behin betiko partida jokatu zen, ikusmin handiaren erdian. Eguna euritsua izan arren, zaleek zelaiko tribunak eta harmailak bete zituzten.

Neurketa txuri-urdinen nagusitasunarekin hasi zen eta, minutu gutxira, epaileak, Angoso jaunak, etxekoen aurkako penaltia adierazi zuen Massanak baloia eskuarekin ukitu zuelako, erabaki honekin ados ez zeuden katalan zale askok zelaia inbaditzea eragin zuena. FC Barcelonako zuzendaritzaren esku-hartzeak ikusleek zelaitik ateratzea lortu zuen eta partida berriz hasi ahal izan zen. Rezolak penaltia jaurti eta txuri-urdinak markagailuan aurretik jarri zituen.

Donostiarren golak etxekoak sutu zituen, eta Eizaguirren aterantz joan ziren. Horren ondorioz, bi gol iritsi ziren bi minututan. Lehena Berdiek sartu zuen eta bigarrena Apolinariok. Bi eta batekoarekin iritsi ziren atsedenaldira.

Bigarren zatian donostiarren nagusitasuna, berdinketaren bila, izugarria izan zen fase batzuetan, baina ez zuten asmatu golari begira, eta etxekoen garaipenarekin amaitu zen partida, ikusleen pozaren erdian.

Hamaikakoak honako hauek izan ziren:

FC Barcelona: Reñe, Irizar, Amechazurra, Castejon, Massana, Bori, Forns, Oller (Alcantara), Berdie, Apolinario eta Peris.

Real Sociedad: Eizaguirre, Eguia, Arrate, Leturia, Machimbarrena, Arruti, Artola, M. Sena, Arrillaga, Rezola eta Minondo.

Federazioaren txapelketan, Racing de Irunek lortu zuen titulua finalean Athletic Club mendean hartuta.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!