Realak hiru eta huts irabazi dio Sevillari gaur goizean Zubietan. Zelai berriaren estreinaldian, txuri-urdinek partida biribila eta ia perfektua sinatu dute hasieratik amaierara arte nagusi izan ondoren.
Donostiarrak jaun eta jabe izan dira lehen zatian. Hasi eta berehala markagailuan aurrea hartzea lortu dute Arolaren erdiraketa batekin; Aiarak, bigarren zutoinean burukada ederrarekin, sare barrura bidali du baloia. Handik gutxira, jokaldi oso antzekoan, bigarren gola iritsi da: Arolak eskuinetik egindako erdiraketa berria, eta oraingoan Lucia Pardok egin du buruz, markagailuko aldea handitzeko. Gipuzkoarrek eskuin hegaletik jarraitu dute eta beti Arola izan dute protagonista. Atsedenaldira iritsi aurretik hirugarrena heldu ahal izan da, baina Aiarak langaren topo egin du. Lehen zati ikusgarria.
Bigarren zatian txuri-urdinen erakustaldiak jarraitu du. Sevillarrek abisua eman dute zutoinean jo duen Deboraren eskuinkada batekin, baina ez dute askorik sortu. Andreiak, jokaldi guztien protagonistak, baloi bat jarri dio Arolari, erdiratu eta Lucia Pardok, area barruan, atezainarekin topo egin du; aldaratzea Nerea aprobetxatzen saiatu da, baina ez du asmatu. Intzak gauzatu ezin izan duen buruz burukoarekin abisatu du, eta, handik gutxira, azken txanpan, partida erabakita utzi du, area barruko aldaratze bat aprobetxatuta.
Realaren partida bikaina. Eta eszenatokirik onenean, gure etxe berrian. Hasiera honek amets egitera gonbidatzen gaitu, baina pausoz pauso joan behar dugu. Datorren asteburuan, beste hitzordu bat Zubietan, Levante UD taldearen aurka. Aupa Real!
Fitxa teknikoa:
Real Sociedad: J. Arrula, Arola A. (Florentino, min. 79), Lucía, Apari, Moraza, Aiara (Cecilia, min. 87), P. Fernández (E. Guridi, min. 58), Cahynová, Andreia, N. Eizagirre (kap.) (Intza, min. 79) eta L. Pardo (Edna, min. 58).
Sevilla FC: Sullastres (kap.), Alba López (Débora G., min. 46), Márquez (Iris Arnaiz, min. 79), I. Álvarez, Julia Torres (Esther, min. 66), Eva Llamas, Hagel, Rosa M., A. Cerrato, Wifi (Andrea A., min. 66) eta Kanteh (I. Gabarro, min. 66).
Golak: 1-0: Aiara, min. 9; 2-0: L. Pardo, min. 16; 3-0: Intza, min. 87.
Epailea: Elena Peláez. Txartel horia erakutsi dio kanpoko I. Gabarrori.