Txuri urdinek bigarren garaipena jarraian lortu dute Levante Badalonari 2-1 irabazi ostean, Zubietan. Sanchez Verak zuzentzen duen taldeak Badalonaren hasierako golari buelta ematea lortu du Amaiurren eta Franssiren golei esker, horrela, denboraldiko bigarren garaipena lortuz.
Realak hobeto hasi du neurketa, baina ez du lortu arrisku handiko erasorik sortzea. Hasierako txistua jo eta hogei minutura, epaileak penaltia adierazi du talde bisitariaren alde eta Ana Garmendiak gola sartu eta markagailua estreinatu du Badalonakoen alde. Badalonaren goletik hamar minutura, Amaiurrek, Franssik jarritako erdiraketa baten ondoren, markagailua berdintzeko aukera izan du, baina Badalonako atezainak gure aurrelariaren errematea kanporatu du. Atsedenaldia baino bost minutu lehenago iritsi da donostiarren gola: Andreiak jarritako erdiraketa baten ostean, Vanegasek, burukada baten bidez, baloia ate barrura bidali du, horrela, emaitza berdinduz.
Txuri-urdinek hobeto hasi dute bigarren zatia eta hainbat eraso sortu dituzte non bisitarien atezainak esku hartu beharra izan duen Gipuzkoarrek markagailuan aurrea hartzea ekiditeko. Amaierako txistua jo baina hamar minutu lehenago, Franssi aurkariaren atzelarien pase txar batez baliatu da baloia ate barrura bidaltzeko eta donostiarrak markagailuan aurreratzeko. Bisitariek emaitza berdintzeko aukera izan dute partidaren amaieran, baina Letek Portalesen jaurtiketa gelditu du meritu handiko geldiketa eginez eta emaitza berriro berdintzea ekiditen.
Bigarren garaipena jarraian donostiarrentzat. Datorren igandean beste hiru puntu lortzen saiatuko dira Granadan.
Fitxa teknikoa:
Real Sociedad: Lete, Lucía (Emma, min 81), Apari, Vanegas, V. Quiles, E. Guridi (Lorena, min. 46;), Cahynová (L. Pardo, min 66), Andreia, Lavogez (N. Eizagirre, min 20), Amaiur (Cecilia, min 81) eta Franssi.
FC Levante Badalona: Coronado, Itzi, Pujadas, C. Cubedo, Melanie (Julia Mora, min. 55), M. Portales, Ana G., S. Majarín (Lee, min 80), Irina (E. Julve, min 55), Chebbak (Elloh, min 83) eta M. Llompart.
Golak: 0-1: Ana Garmendia, min 20. 1-1: Amaiur, min 41. 2-1 Franssi, min 79.
Epailea: Planes Terol. Etxeko V. Quiles y Vanegas zein kanpoko Melanie zigortu ditu.