PARTIDA AURREKO ETA OSTEKO EKITALDIAK

Champions-egatik festa eta Illarrari agurra

Realak amestutako moduan itxiko du denboraldia. Champions League ziurtatuta, azken eguneko presiorik gabe, eta bere etxean, bere publiko maitearen aurrean. Txalo zaparradarik handiena merezi duen agurra. Talde honek egun ahaztezinak oparitu dizkigu.

Ilusiozko jardunaldia izango da, lortutakoagatik eta datorrenagatik. Futbolari hauek ez dutelako mugarik. Eta, jakina, igande honetan azken haspereneraino borrokatuko dute azken poza emateko. Zalantzarik gabe, Reale Arena festa eder baten lekuko izango da.

Food trucks eta musika estadioaren inguruan

Askok ez dugu abuztura arte elkar ikusiko. Hori dela eta, jaia ez da mugatuko zelai barruan gertatzen denera. Partida hasi baino lehen, 16:00etatik aurrera, hego-ekialdean dagoen zabalgunea izango da gure zaleen topagunea.

Bertan hainbat food trucks eta karpa aurkituko ditugu, janari eta edariarekin, DJ batek festa berotzen duen bitartean. Harmailetako gure lagun eta ‘bizilagunei’ agur esateko modurik onena. Zelai barruan ere, atsedenaldian, emanaldi sorpresa bat izango da.

Partida osteko ospakizunak amaitzen direnean (beheko lerroetan zehaztuko ditugu), jaia 23:30ak arte luzatu ahal izango da Fan Zone bertan (partida jokatu bitartean Fan Zone itxita egongo da).

Beti arte, kapitain; kaixo, Champions

Partida amaitutakoan emozioen garaia iritsiko da. Denok nahi dugun musika entzungo da, eta familian abestuko dugu. Hala ere, horretarako denbora izango dugu. Lehenik eta behin, gure arreta bereganatuko duen une bat egongo da. Gure ikurretako bati agur esateko ordua izango da, Asier Illarramendi kapitainak bere azken eguna jokalari txuri urdin gisa biziko baitu.

Horregatik, Illarrak bere jendearen berotasuna senti dezan azken aldiz aldagelara sartu arte, gure bazkideei partida amaitzean euren eserlekuetan geratzeko eskatzen diegu. Probintziako autobusek ordu erdi atzeratuko dute etxerako itzulera, mutrikuarraren agurra eta Champions-erako ospakizunak inork gal ez ditzan.

Ezin bazara etorri, laga zure txartela

Bazkideek zein zaleek modu ikusgarrian erantzun duten denboraldi honetan, gogorarazten dizuegu igandeko festara joaterik ez baduzu, oraindik ere karneta laga dakiokeela klubari edo senide edo lagun bati Realzale Apparen bidez. Esteka honetan ere sarrerak lor daitezke.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!