Sansek ezin izan du gipuzkoar derbia irabazi gaur arratsaldean Ipuruan SD Eibarren aurka 2-1 galdu ostean. Txuri-urdinek azken unera arte borrokatu dute, baina ez da posible izan.
Norgehiagoka bi taldeak oso berdinduta zeudela hasi da. Donostiarren lehen abagune argia 18. minutuan iritsi da, Baldaren ezkerkada batekin. 33. minutuan Aranbarriren lesioaren ondorioz gelditu da neurketa, eta handik gutxira iritsi da etxekoen lehenengoa; Baldak bere atean sartu du gola, 38. minutuan. Horrela iritsi gara atsedenaldira.
Bigarren zatiaren hasieran, Mikel Rodriguezek partidako aukerarik argiena izan du donostiarrentzat, buruz burukoan, Magunagoitiaren aurka. Etxeko atezainak gola eragotzi du, hanka aterata. Gure bigarren taldeak saiatzen jarraitu du, baina 58. minutuan eibartarrek bigarren gola sartu dute Bautistaren eskutik. 71. minutuan Baldak ezkerrarekin errematatu du berriro, baina baloia eskuinaldetik atera da. Handik gutxira, Astiazaran 30 metrotik saiatu da, baina baloia ez da sartu. Gure bigarren taldeak arrisku aukerak sortzen jarraitu du eta luzapenean aldea murriztu du Mikel Rodriguezen golari esker. Golak zelai zail batean puntu bat lortzeko borrokan jarraitzera bultzatu du taldea, baina ezin izan du berdinketa lortu.
Sansek porrota jaso du derbian, bigarren zati bikain batean azken unera arte lehiatu ondoren. Hurrengo jardunaldian Cordoba CF izango dute aurkari etxean. Aupa Sanse!
Fitxa teknikoa:
SD Eibar: Magunagoitia, Cubero, M. Moreno, Aranbarri (Jair Jr, min. 34), Buta, S. Álvarez (kap.), Garrido (Olaetxea, min. 66) Corpas, J. Guruzeta (Ares, min. 78), Magunazelaia (J. Martínez, min. 66) eta Bautista (Martón, min 78).
Sanse: Arana, Dadie, P. Rodríguez (kap.), Kita (Orobengoa, min. 90), Balda, Lebarbier, M. Rodríguez, Díaz (Astiazaran, min. 64), Marchal (Ochieng, min. 64), G. Gorosabel (Eceizabarrena, min. 71) eta Mariezkurrena (Carrera, min. 64).
Golak: 1-0: Balda (b. a.), min. 38; 2-0: Bautista, min. 58; 2-1 M. Rodríguez, min 93.
Epailea: Álvaro Moreno. Txartel horia erakutsi die etxeko M. Moreno eta J. Guruzetari eta kanpoko M. Rodríguez eta Astiazarani.