Udaleko Euskararen Kontseilu Sektorialak landutako HIZKUNTZEN ERABILERA izeneko dokumentua argitaratu du Euskara Zerbitzuak beste urrats bat emateko helburuarekin bai eleaniztasunaren onarpenean eta baita euskararen erabileraren normalizazioan ere. Udaleko Euskararen Kontseilu Sektorialaren kidea da Reala.
Donostiako Udaleko Euskararen Kontseilu Sektorialaren baitan, hiriko hainbat arlotako eragilerekin osatutako lan taldeak egin du dokumentua gero eta hizkuntza gehiago erabiltzeko bai Udalak eta bere entitate autonomoek eta baita zenbait entitate, establezimendu zein hiritar askok duten beharrari aurre egiteko asmotan. Donostian nagusi diren lau hizkuntzen –euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa- arteko elkarbizitza ahalik eta orekatuena eta ordenatuena bermatzeko jarraibideak ematea da helburua.
Miren Azkarate, 2016 Hiriburutzako, Kulturako, Euskarako eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkariaren esanetan, “informazio eta komunikazio teknologia berriek mundua txikitu diguten honetan, betikotasuna baztertuz, bertakotasuna babestea lehentasunezko betebehar bihurtu zaigu aniztasuna baloretzat dugun guztiontzat. Eta horixe da HIZKUNTZEN ERABILERA izeneko dokumentuaren bidez kultura eta hizkuntza esparruan hasi nahi dugun bidea: geureari eutsiz, besteei ateak zabaldu”.
Edozein erakunderen irudi korporatiboan nahiz ohiko kanpo komunikazio ekintzetan - harreran, webgunean, publizitatean, argitalpenetan eta jendaurreko ekitaldietan- bertako hizkuntza babestuz besteak txertatzeko jarraibide zehatzak jasotzen dira HIZKUNTZEN ERABILERA dokumentuan, eta osagarritasun hori bermatzeko zenbait neurri ere proposatzen dira. Nolanahi ere, erakundearen izaeraren, eragin-eremuaren eta komunikazio-ekintzaren arabera, hizkuntzen erabilera era batekoa ala bestekoa izango da, hau da, euskaraz, bi hizkuntza ofizialetan edo modu eleaniztunetan aritzeko aukera zabaltzen da.
Formatu digitalen, lau hizkuntzetan, www.donostia.eus eta www.dosnostiaeuskaraz.eus webguneetan izango da eskuragai.