Roberto Olabe komunikabideekin bildu da gaur goizean Reale Arenan. Realeko Futbol zuzendariak Klubak azken urteetan izan duen bilakaera eta zaleen eta taldearen artean lortu den lotura azpimarratu ditu. “Daukagun kapital sozialari balioa eman nahi diot. Beti hitz egiten dugu berdegunetik jendea hunkitzeaz, eta lortzen ari gara. Hemendik aurrera nola jarraituko dugun jendea hunkitzen eta lotzen pentsatzen ari gara. Eredu hori nola elikatzen jarraitzea da erronka. Daukagunarekin ez konformatzea eta begirada etortzear dagoen horretara bideratzea”.
Kirol arduradun nagusiak ziurtatu duenez, “identitate eta lan egiteko modu batekiko leial izaten jarraitzen dugu. Realetik eraikitzen jarraitu behar dugu, eta ez Txapeldunen Ligatik. Denok gaude ilusioz gainezka”.