Tximist Cup futbol txapelketa internazionalaren bederatzigarren edizioa ekainaren 14tik 22ra ospatuko da Hondarribian eta Donostian, eta Europako klub esanguratsuenetako batzuk bilduko ditu, hala nola Manchester City, Real Madrid, Inter de Milan, Olympique de Lyon, Hammarby, RCD Espanyol, Real Sociedad edo FC Twente. Tximist Foundation-ek antolatuta, txapelketa erreferentziazko hitzordu bilakatu da emakumeen kirolean, goi mailako futbola berdintasunaren eta gizarte-eraldaketaren aldeko apustu irmoarekin uztartzen baitu. Horrela nabarmendu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun Organoaren zuzendari Nerea Isasik, goizean egindako aurkezpenean, antolatzaile den fundazioaren lehendakari Aintzane Encinasen ondoan. Encinasek ekimenaren izaera eraldatzailea azpimarratu du: “Tximist Cup ez da futbola bakarrik. Topagune bat da. Hezteko, integratzeko eta elkarrekin amesteko modu bat da. Bederatzigarren edizio honek mugarri berria ezarriko du, ez bakarrik txapelketan, baizik eta bidezkoagoa, anitzagoa eta benetan eraldatzailea izango den kirol baten bidean”.
Edizio honetako berrikuntzarik handienetako bat THE EQUALITY BALL izango da, txapelketako baloi ofiziala. “Ez da baloi bat soilik: zelai barruan eta kanpoan batzen gaituena sinbolizatzen duen ikurra da”, adierazi du Encinasek. Ekimen honen bitartez, Tximist Foundation-ek mundu bidezkoago eta aukera-berdintasunez betetako baten eraikuntzarekin duen konpromisoa sendotu nahi du. THE EQUALITY BALL jolaserako elementua baino askoz gehiago da: bere salmentaren bidez lortutako diruarekin kirol azpiegiturak, hezkuntza-programak, eskola prestakuntza-ikastaroak eta material kirolari, eskolari zein osasungarriari buruzko hornikuntzak finantzatzen dira munduko hainbat lekutan.Fundazioak nazioarteko erakundeekin eta elkarteekin lan egiten du, futbolaren bidez inklusioa bultzatzeko eta desberdintasunak murrizteko tresna gisa. Baloi solidarioa eskuratu nahi dutenek Tximist Foundation-en webgune ofizialean egin dezakete: www.tximistfoundation.org.
Gainera, edizio honetan Angolako ordezkaritza berezi baten parte-hartzea izango da, emakumeen kirolaren sustapenean Afrikan erreferente den herrialdea. Angolako Kirol ministroaren eta bere taldearen bisitak, baita bi jokalari angolarrek txapelketan eta integrazio-jardueren parte-hartzeak ere, edizio honetako une hunkigarrienetako bat markatuko dute. Guztira, 2.500 futbolari inguruk parte hartuko dute edizio honetan eta 30 partida baino gehiago jokatuko dira.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun Organoaren zuzendari Nerea Isasik txapelketaren “gizarte- eta hezkuntza-dimentsioa” balioan jarri nahi izan du, azpimarratuz “horrelako espazioek ez dutela soilik goi mailako emakume kirolariak ikusgai jartzen, baizik eta neska eta nerabeentzat erreferenteak ereiten dituzte eta kirolaren bidez eraldaketa erreala sustatzen dute”. Gaineratu duenez, “Tximist Cup bizirik dagoen adierazpena da Aldunditik defendatzen ditugun baloreen artean: berdintasuna, inklusioa, ahalduntzea eta etorkizuna”.
‘She Leads’ Kongresua
Txapelketak berriro hartuko du ‘She Leads’ nazioarteko kongresua, ekainaren 13an 18:00etan Donostiako Reale Arenan ospatuko dena. Aurten hizlari kopurua bikoiztuko da, eta kirolean emakumeen lidergoaren alorrean eragin handiena duten ahotsak bilduko dira, besteak beste, Reyes Bellver (RFEFko Emakumezkoen Futbolaren zuzendaria), Irene Gonçalves (Afrikako futbolaren erreferentea), eta nazioarteko klub handietako entrenatzaileak. Sarrera doakoa izango da eta irisgarritasuna bermatua, eta ‘She Leads’ kongresua sendotu egin da: “Emakumeen paperari buruzko hausnarketa eta inspiraziorako ezinbesteko gunea, ikuspegi globalarekin eta berdintasunaren giltzapean oraina eta etorkizuna aztertzen duen elkarrizketa beharrezkoarekin”, Encinasen hitzetan.
Bederatzigarren edizio honen baitan, podcast berezi baten grabazioa ere egingo da: lau atal izango ditu eta Radio Marcan emitituko dira txapelketaren aurreko eta ondorengo asteetan, eta geroago Tximist Foundation-en webgunean ere eskuragarri egongo dira. Formatu berri honek goi mailako partaideak izango ditu, hala nola Irene Paredes (Espainiako selekzioko eta FC Barcelonako kapitaina), Ana Romero, Jade Boho eta Cristina Vega (Keka), beste futbol-leyenda batzuekin batera. Ekimen honek emakumeen kirolari ikusgarritasuna emateko, esperientziak partekatzeko eta barrutik futbolaren aldaketa bultzatzen ari diren ahotsak zabaltzeko espazio berri bat eskaintzen du.