FC BARCELONA 8-1 REAL SOCIEDAD

Ez dute aukerarik eman

Realak zortzi eta bat galdu du gaur goizean FC Barcelonaren aurka jokatutako partida. Ligako bi talde onenek neurtu dituzte indarrak Estadi Johan Cruyffen. Realak bisita egin dio egungo ligako eta Europako txapeldunari, eta helburu nagusia ezustekoa eman eta Barcelonaren etxea erasotzea izan da.

Partida kontran jarri zaie txuri-urdinei bigarren minutuan. Rolfök etxeko taldea markagailuan aurretik jarri du area barruko erremate batekin. Gol eztabaidagarria izan da, talde kataluniarreko jokalari batek eskuarekin ukitzen baitu baloia Rolfök errematea egin aurretik. Hala ere, Realak ez du burua jaitsi eta aurkariari min egiten jarraitu nahi izan du baloiaren jabetza erabiliz. Bost minutu baino zertxobait gehiago besterik ez dute behar izan gipuzkoarrek berdinketa egiteko. Franssik Pañosen aldaratze txar bat aprobetxatu du baselina zoragarri batekin banakoa egiteko. Hortik aurrera Reala baloiaren jabe izaten saiatu da, baina hori ez da batere erraza izaten Barcelona bezalako talde baten aurka. Baloiaren jabetza bi taldeen artean banatu dute, baina gol aukera guztiak kataluniarrenak izan dira. Adrianak oso ondo esku hartu du zenbait aukeretan, baina ezin izan ditu ekidin Oshoalaren bi golak. Emaitza atsedelandian hiru eta batekoa izan da etxekoen alde.

Aldageletatik bueltan Realari aurkariaren atea erasotzen jarraitzea besterik ez zitzaion geratzen, etxeko taldea kinka larrian jarriko zuen golen bat egiteko. Hala ere, hiru minututan sartutako bi golekin (Martens eta J. Hermosok egin dituzte golak) guztiz erabakita utzi du partida Barcelonak. Markagailua horrela ikusita ezer gutxi egin ahal izan du talde txuri-urdinak partidari buelta emateko, eta azken txanpan iritsi dira neurketako azkenengo hiru golak. Lehenengoan Maddik ez du asmatu baloia urruntzerako orduan eta zuzenean sareetara bidali du, ondoren Martensek zazpigarrena egin du areaz kanpoko jaurtiketa bati esker eta Pina izan da partidako azkenengo gola egin duena.

Ezustekoa emateko asmoarekin bidaiatu dute, baina Barcelonak ez dio aukerarik eman Realari, eta ondo baino hobeto erakutsi dute zergatik diren egungo ligako eta Europako txapeldunak. Partida galdu arren Realak sailkapeneko bigarren postuan jarraitzen du, Atletico de Madriden aurretik. Datorren jardunaldian Real Betisen bisita jasoko dute Zubietan ligako postu altuetan jarraitzeko asmoarekin. Aurrera Reala!

 

Fitxa teknikoa:

FC Barcelona: Paños, Paredes, Maria Leon, Graham (Leila, min. 46), Marta, Alexia, Patri (Engen, min. 78), Aitana (Crnogorcevic, min. 78), Rolfö (J. Hermoso, min. 59), Oshoala (Pina, min. 72) eta Martens.

Real Sociedad: Adriana, Emma, Maddi, Tejada, Nuria R. (Izarne, min. 72), I. Arnaiz (Viles, min. 90), Gemma, Gaby (Claudia, min. 83), N. Eizagirre, Amaiur (Mirari, min. 72) eta Franssi.

Golak: 1-0: Rolfö, min. 3; 1-1: Franssi, min. 9; 2-1: Oshoala, min. 23, 3-1: Oshoala, min. 38; 4-1: Martens, min. 62; 5-1: J. Hermoso, min. 65; 6-1: Maddi (p.p), min. 83; 7-1: Martens, min. 88; 8-1: Pina, min. 90+2

Epailea: González González. Txartel horia atera die Realeko Emma eta Gabyri.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!