1987KO KOPA

Finalerako bidea

1. Etapa: Baskonia

Reala bigarren kanporaketan sartu zen. Arerioa, partida bakarrera, Hirugarren Mailako Baskonia. Taldea ez zegoen momentu onenean. Liga bi porrot jarraian jasanda, Valladolid eta Real Madriden aurka, bere arerioaren ilusioaren aurka borrokatu behar izango zuen, kanporaketa hauek duten arriskuarekin gainera.

Txuri-urdinak, behetik gora joan ziren eta Arrienek bigarren zatian sartutako gol bateri esker lortu zuten sailkapena. Erronda honetan Lehen Mailako Espanyol, Sporting eta Murtzia kanpoan geratu ziren. Sansek, Kopan parte hartzen zuen ere, Barakaldo kanporatu zuen 2-3ko emaitzarekin Lasesarren.

2. Etapa: Montijo

Hirugarren Mailako beste talde bat izan genuen arerio hurrengo errondan, Extremadurako Montijo kasu honetan. Partida urriaren 22an jokatu zen. Txuri-urdinei kosta egin zitzaien beren nagusitasuna markagailuan islatzea oso motibatuta zegoen arerio baten aurka. Garaipenaren gola, Txiki Begiristain izan zen golegilea, 71. minutuan iritsi zen.

Erronda honetan Lehen Mailako beste bi talde geratu ziren kanpoan: Valladolid eta Sabadell. Sanse bizirik jarraitzen zuen Bilbao Athletic 1-0 garaitu ondoren.

3. Etapa: Villarreal

Villarreal izan genuen arerio hirugarren kanporaketan. Castelloko taldeak Hirugarren Mailan jokatzen zuen garai artan. Neurketa azaroaren 5ean jokatu zen. Reala indartsu atera zen eta zazpigarren minuturako 0-1 irabazten zuen Lopez Ufarteren gol bateri esker. Txuri-urdinek atsedenaldira iritsi baino lehen itxi nahi izan zuten kanporaketa, baina ez zuten asmatu. Bigarrenean, etxekoek aurrera pauso bat eman eta gertu izan zuten banakoa, Gorrizek Adrianoren erremate bat marran atera zuen. Azkenean, gipuzkoarrek eutsi eta aurrera jarraitu zuten Kopan.

Sansek ezin izan zuen hurrengo kanporaketara pasa. Mallorca Atleticoren aurka galdu zuen luzapenean Loinazen bi golekin 0-2 aurretik ipini arren.

4. Etapa: Eibar

Final-zortzirenetako kanporaketa iritsi zen eta ondorioz kanporaketek bi partida izan zituzten. Reala Eibaren aurka lehiatu zen kanporaketa honetan. Arerioa 2.B mailan zebilen eta bi taldeen arteko lehen neurketa ofizialak izan ziren

Aurreneko partida Ipuruan jokatu zen urtarrilaren 28an. Eibarrek Sevilla gainditu zuen aurreko kanporaketan eta konfiantza handia zuen Reala mendean hartzeko. Ipurua beteta zegoen, baina Realak nagusitasun handia erakutsi zuen. Bakerok eta Gajatek atsedenaldira iritsi baino lehen sartu zituzten golak eta txuri-urdinek partida irabazi zuten. Eibarrek ezin izan zuen Arconadaren atea gainditu.

Bigarren neurketa otsailaren 11n jokatu zen. Eibarrek kanporaketa borrokatu nahi zuen. Aldiz, bigarren minutuan Gorrizek Realaren lehen gola egin zuen. Hala ere, Eibarrek ez zuen amore eman eta partida menderatu zuen, baina Arconada sendo ibili zen golak saihestu ahal izateko. Realak bigarren gola egin zuen atsedenaldira iritsi baino lehen Musti Mujikak sartutako falta baten bidez. Bigarren zatian markagailua ez zen mugitu eta Eibarrek ez zuen saririk izan.

Reala ondorengo kanporaketa, final-laurdenak, jokatzeko sailkatu zen.

5. Etapa: Mallorca Atletico

Final-laurdenetan Realak arerio errazena izan zuen: Mallorca Atletico. Harrobiko taldeak Sanse gainditu zuen aurretik. Talde gaztea zen, harrobiko taldeak bezala, eta Realak, printzipioz, abantaila handia zuen kanporaketa gainditu ahal izateko

Lehen partida otsailaren 25ean jokatu zen Luis Sitjar zelaian. Realak garaipena bilatu zuen lehen minututik, baina taldeak zehaztasun falta jasan zuen eta Mallorca Atleticok, pixkanaka, konfiantza hartu zuen. Aukerak Realarentzat ziren, baina markagailua ez zen mugitu. Jokalarien eta entrenatzailearen sentsazioak ez ziren guztiz onak izan.

Bigarren neurketa martxoaren 11n jokatu zen. Realak, berriro ere, kanporaketa hasieratik gainditzea bilatu zuen eta hamargarren minutuan 2-0ekoa ezarri zuen markagailuan. Ordu erdia igaro ostean Realak hirugarren eta laugarren golak egin zituen. Bigarren zatian Realak sei gol lortu zituen. Mallorca Atleticok, azken minutuan, ohorezko gola sartu zuen.

Amaierako emaitza 10-1ekoa izan zen. Aldiz, Realaren gol-kopuru handieneko partidak aurretik lortu zituen: 14-2 Valladolid taldeari (40-41. denboraldian) eta 11-1 Sabadell taldeari (62-63. denboraldian).

Finalerdiak: Athletic Club

Finalerdietako zozketak Reala eta Athletic Clb parekatu zituen. Kopako finalera iristeko derbia. Realak aukera paregabe hau aprobetxatu zuen.

Joaneko partida Atotxan jokatu zen ekainaren 3an. Txuri-urdinek aurkariak baino gehiago bilatu zuten garaipena, baina Lorenen eta Shanti Bakeroren lesioek indarra murriztu eta berdinketarekin konformatu behar izan zuten.

Realak Arconada, Shanti Bakero, Luis Mari Lopez Rekarte, Larrañaga, Gorriz, Gajate, Zubillaga (Loren), Jose Mari Bakero, Mujika (Lopez Ufarte), Zamora eta Txiki Begiristain zelairatu zituen.

Bestalde Athleticek Biurrun, Urkiaga, De la Fuente, Andrinua, Goikoetxea, Patxi Salinas, Pizo Gomez, Gallego, Endika, Urtubi eta Noriegarekin jokatu zuen.

Emaitzak bilbotarrei abantaila ematen ziela zirudien arren, Toshack pozik agertu zen bere taldea emaitzari eusteko gai izan zelako egoera horretan.

Itzulerako partida astebete geroago jokatu zen San Mamesen eta txuri-urdinek, denboraldiko partidarik onenean, 0-1 irabazi zuten, 36 urte geroago Kopako finalerako sailkapena lortuz. Atletico de Madrid izango zen aurkaria, beste finalerdian Real Madrid mendean hartu ostean.

Garaipenaren gola Jose Mari Bakerok sartu zuen buruz, 25. Minutuan, Lopez Ufartek korner jaurtiketa bat atera eta Gorrizek lehen zutoinean baloia buruaren ukitu ondoren. Athletic saiatu zen, baina Realak partida kontrolatzen jakin zuen, gehiegi sufritu gabe.

Realak Arconada, Sagarzazu, Luis Mari Lopez Rekarte, Larrañaga, Gorriz, Gajate, Mujika, Jose Mari Bakero, Txiki Begiristain, Zamora eta Lopez Ufarte (Martín Begiristain) zelairatu zituen.

Bestalde, Athleticek Biurrun, Urkiaga, De la Fuente, Andrinua (Sarabia), Goikoetxea, Patxi Salinas, Pizo Gomez, Gallego, Endika, Urtubi eta Noriegarekin (Sarriugarte) jokatu zuen.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!