Realak bina berdindu du gaur goizean Granadaren aurka bere Kirol Hirian. Txuri-urdinek eta garaipena eskura izan dute Keeferen hasierako gola irauli ostean, baina luzapenean ihes egin diete.
Donostiarrak nagusi izan dira eta euren jokoa ezartzeko gogoz irten dira. Lehen abisua Luciaren erdiraketa batekin iritsi da, Ednak, erremate gurutzatu batekin, kanpora bidali duena gutxigatik. Etxekoek, aldiz, ez dute barkatu beraien lehen abagunean Paula Fernandezek egindako penalti batekin; Keefek, hamaika metroetatik, baloia barrura bidali du. Txuri-urdinak berehala suspertu dira eta Ednak berdinketa jarri du markagailuan burukada bikain bati esker Intzak ezkerretik egindako erdiraketaren ostean. Gipuzkoarrak aurretik joan ahal izan dira atsedenaldira, baina Laurak Cahynovaren buruz burukoa eta Ednaren ondorengo aldaratzea urrundu ditu.
Gipuzkoarrek partidaren pisua eramaten jarraitu dute aldageletatik igaro ondoren. Nereak oso gertu izan du gola ukitu duen lehen baloian, baina Manolyk azken momentuan urrundu du. Handik gutxira, Jujubak Edna lurrera bota du area barruan, baina epaileak ez du ezer adierazi; FVS-aren kontsultaren ostean, erabakia aldatu eta penaltia adierazi du. Laurak, zoritxarrez, kapitainaren asmoak igarri ditu, errematea geldituz. Partida asko ireki da eta Keefek bigarrena egin ahal izan du granadarrentzat Arrulak bikain urrundu duen jokaldi batean. Intzak ere berea izan du kanpokoentzat, baina Jujubak gola eragotzi du. Azken minutuetan, oraingoan bai, Ednak Andreiaren erdiraketa ederra sare barrura bidaltzea lortu du. Zailena eginda zegoela zirudien, baina, luzapenean, Barquerok lehia berdindu du, Lauriren erdiraketa bat errematatu ostean. Lastima.
Sari gutxi Realarentzat berdegunean ikusitakoaren ondoren. Bigarren zatian alferrik galdutako penaltia eta azken minutuetan ihes egiten duen garaipena. Galdutako aukera, baina lanean jarraitzea besterik ez dago garaipenak iritsi daitezen. Datorren asteburuan derbia Ipuruan etenaldiaren aurretik.
Fitxa teknikoa:
Granada CF: Laura S., Postigo (Blanca, min. 67), Yoli, Jujuba, Alba P., Manoly, Miku (Solvoll, min. 80), A. Mingueza, Lauri (kap.), L. Pérez (M. Barquero, min. 67) eta Keefe (A. Gómez, min. 80).
Real Sociedad: J. Arrula, Lucía (Emma, min. 89), M. Molina (Moraza, min. 58), Florentino, Apari (kap.), Cecilia (Aiara, min. 74), P. Fernández (N. Eizagirre, min. 58), Cahynová, Andreia, Intza (Lavogez, min. 89) eta Edna.
Golak: 1-0: Keefe (pen.), min. 35; 1-1: Edna, min. 42; 1-2: Edna, min. 87; 2-2: M. Barquero, min. 91.
Epailea: Elisabeth Calvo. Txartel horia erakutsi die etxeko A. Minguezari eta kanpoko Andreiari.