Garaipen borobila Sestaon (1-4)

Sansek hiru puntuak lortu ditu gaur arratsaldean bat eta lau garaitu eta gero Sestao Riveri Las Llanasen jokatutako neurketan. Gaurko garaipen bezalako bat merezi zuten Imanol Alguacilen mutilek, joko eta aukerengatik, lehen garaipena lortuaz Zubietatik kanpo. Txuri-urdinak oso adi ekin dute norgehiagoka, etxekoen baloi galeren ondoren azkar irtenda kontraerasora Sestaoren bizkarra aurkituaz. Modu honetan iritsi da huts eta batekoa. Bautista kondo amaitu du area ertzetik jokaldi pertsonal baten ondoren. Gipuzkoarren intentsitatea mantendu egin da eta ordu laurdenera iritsi baino lehen etorri da bigarrena. Jokaldi konbinatibo polita Sangalli eta Bautistaren artean eta Merquelanzek Galder atezaina gainditu egin du. Etxekoek aurrera pauso bat eman dute markagailuari buelta emateko ideiarekin eta 37. minutuan lortu du Etxaburuk bizkaitarren gola. Lehen zatiko azken minutuan sufritu arren Sestaoren saiakeren aurrean, Bautistak hirugarrena sartu du txapel dotore batekin azken jokaldian. Sanse sendo mantendu egin da atsedenalditik bueltan, etxekoen erreakzioa ezer ezean utziaz. Defentsan ondo kokatuta eta erasora abiadurarekin irtenda, talde gipuzkoarrak abantaila handitzeko aukerak izan ditu Sangalliren pare bat jokalditan. Sestao ezinean ibili da, Sisniega larritu gabe. Hogei minuturen faltan iritsi da 1-4koa. Bautistak baloi bat berreskuratu du eskuinean eta pasea egin dio Olaizolari honek amaitu zezan. Partida handia eta garaipen handia Imanol Alguacilen mutilena, airea hartzen dutenak sailkapenean. Txuri-urdinek Arenas Club hartuko dute hurrengo asteburuan Zubietan. Fitxa teknikoa: Sestao River: Galder, Guemes, Jon Garcia, Gaizka Martinez, Alvaro Mier, Eneko Rubio, Barrenetxea, Yanis Rahmani, Rodri (Leandro, min. 55), Etxaburu, Santamaria (Toril, min. 69). Sanse: Sisniega, Odriozola, Ugarte, Le Normand (Jauregi, min. 79), Arrieta, Sanz, Zubeldia (Guridi, min. 74), Muguruza (Olaizola, min. 70), Sangalli, Merquelanz, Bautista. Golak: 0-1: Bautista, min. 7; 0-2: Merquelanz, min. 15; 1-2: Etxaburu, min. 37; 1-3: Bautista, min. 45; 1-4: Olaizola, min. 73. Epailea: Cid Camacho. Txartel horia erakutsi die etxeko Eneko Rubio, Etxaburu, Toril eta Barrenetxea, eta kanpoko Zubeldia, Bautista eta Odriozolari. Imanol Alguacil entrenatzaile txuri-urdina pozik agertu da partidaren amaieran bere mutilek egindako lanarekin. “Kontraerasoetan fin ibili gera, min egin diegu beraien bizkarrean”. “Jokalariek partidak behar zuen jokoarekin asmatu egin dute, indarra ematen digu garaipen honek”, azpimarratu du Alguacilek. Hurrengo asteko partidari begira Arenasen aurka Zubietan Alguacilek honakoa aipatu du, “bigarren garaipena lortu nahi dugu maila onean etorriko den arerio baten aurka”.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!