REAL SOCIEDAD 1-1 RC CELTA DE VIGO

Garaipenak ihes egin du

Realak puntu berri bat eskuratu du RC Celta de Vigoren aurka bana berdinduta. Partida kontrolpean zegoela zirudien Barrenek neurketaren hasieran sartutako golari esker, baina Minguezak, area barruan jokaldi nahasi bat aprobetxatu ondoren, berdinketa lortu du luzapenean.

Txuri-urdinak indartsu sartu dira berriro partidara, aurreko astean bezala. Lehen jokaldian, Carlos Fernandez lehen gola sartzeko zorian izan da buruz, baina Ivan Villarrek eragotzi egin du. Vigokoen aukerarik onena eta ia bakarra Hugo Sotelok izan du, zutoinean jo duen eskuinkada batekin. Eskerrak. Realak saiatzen jarraitu du, gola iritsi den arte: Takeren erdiraketa eskuinetik eta Barreneren burukada bigarren zutoinean donostiarrak aurreratzeko. Nagusitasuna handiagoa izan da golaren ostean, eta Braisek, atsedenaldira iritsi aurretik area ertzetik egindako erremate bikainarekin, garaipena bideratzear izan da, baina zutoinak eragotzi egin du.

Txuri-urdinek neurketaren pisua eraman nahi izan dute bigarren zatian, baina lehen berrogeita bost minutuetan baino gutxiago asmatu dute. Neurketa berriro hasi eta berehala Bambak berdinketa oso gertu izan du buruz burukoan, baina Remiro baloia aldentzeko prest egon da. Aspas, apur bat desbideratuta joan den burukada gurutzatu batekin, neurketa berdintzetik gertu egon da. Braisek langa gainetik bidali duen Aihen erdiraketa baten ostean etorri da donostiarren jokaldi arriskutsu urrietako bat bigarren zatian. Vigokoek asko estutu dute azken txanpan, eta pare bat abisu bidali ostean, Minguezaren gola iritsi da luzapenean, area barruko aldaratze bat aprobetxatuta.

Kolpea denboraldiko lehen garaipena ospatzear geundenean. Baina honek itxaron egin beharko du. Haren bila jarraituko dugu. Hurrengo hitzordua, ostiralean Kanarietan UD Las Palmasen aurka. Aurrera Reala!

Fitxa teknikoa:

Real Sociedad: A. Remiro, Traoré (A. Sola, min. 78), Zubeldia (kap.), Le Normand, Aihen, Zubimendi, Turrientes (Pacheco, min. 78), Brais Méndez, Take (Cho, min. 78), Barrene (Oyarzabal, min. 64) eta Carlos Fdez (Sadiq, min. 64).

RC Celta de Vigo: Iván Villar, Mingueza, Starfelt, Núñez, Manu Sánchez (Cervi, min. 84), Bamba, Fran Beltrán, Hugo Sotelo (Aidoo Jr, min. 46), De la Torre (Dotor, min. 84), Iago Aspas (kap.) (Swedberg, min. 97) eta Strand Larsen (Miguel, min. 84).

Golak: 1-0: Barrene, min. 22; 1-2: Mingueza, min. 94

Epailea: Ortiz Arias. Txarte horia erakutsi die etxeko Zubimendi eta Le Normandi eta kanpoko Iago Aspasi.

Asistentzia: 30.354 ikusle.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!