Sansek bana berdindu du Nàstic de Tarragonaren aurka gaur arratsaldean Zubietan. Txuri-urdinak aurretik jarri dira markagailuan Gotiren gol ikusgarri batekin, baina ezin izan diote abantailari eutsi eta puntu bat lortu dute arerio zuzen baten aurka, nahiz eta zerbait gehiago lortzeko aukerak izan.
Donostiarrek intentsitate handiz hasi dute norgehiagoka eta lehen aukerak izan dituzte gutxigatik gora joan diren Mariezkurrenaren eta Marchalen jaurtiketekin. Talde kataluniarra hobetuz joan da denbora pasa ahala eta aukeraren bat edo beste izan du. Sergio Franciscoren taldea nagusi izan da lehen zatiaren azken minutuetan, baina partida hutsean iritsi da atsedenaldira.
Bigarren zatian, neurketak lehen zatiko ildo beretik jarraitu du. Sansek baloiaren jabetza mantendu du eta Nàstic kontraerasoan min egiten saiatu da. Ochiengek etxekoak aurretik jartzeko aukera garbia izan du, baina area txikitik egindako burukada kanpora joan da gutxigatik. Handik gutxira, gipuzkoarrek jokaldi bikaina egin dute eta Gotik sekulako gola sartu du area kanpotik. Poztasunak ez du asko iraun, izan ere, bost minutu geroago Conchak berdinketaren gola egin du korner bat errematatu ostean. Azken minutuetan bi taldeak garaipenaren bila joan dira, gure filiala izanik aukera gehien izan dituena, baina azkenean norgehiagoka banakoarekin amaitu da.
Puntu baliotsua Sanserentzat ligako talde onenetako baten aurka. Berdinketa honi esker, txuri-urdinek bigarren mailara igotzeko playoff postuetan jarraituko dute beste jardunaldi batez. Datorren astean Tajonarrera joango dira Osasuna Promesasen aurka jokatzeko.
Fitxa teknikoa:
Sanse: Fraga, Merino, P. Rodríguez (kap.), Lebarbier, Agote, Carbonell (Garro, min. 84), Goti, M. Rodríguez (Orobengoa, min. 75), Ochieng (Cabo, min. 75), Marchal (E. García, min. 71) eta Mariezkurrena.
Nàstic de Tarragona: Varo, Pol D. (Migue, min. 71), Leal, U. Dufur, Joan Oriol (kap.), Óscar Sanz, Montalvo (Gorostidi, min. 46), M. Fernández (Antoñín, min. 60), J. Jardí (D. Concha, min. 60), Víctor Narro (A. Jiménez, min. 71) eta Pablo Fernández.
Golak: 1-0: Goti, min. 68. 1-1: Concha, min. 73.
Epailea: Clemente Manrique. Txartel horia erakutsi die etxeko M. Rodríguez, Mariezkurrena, P. Rodríguez, Cabo eta Carbonelli eta kanpoko Montalvo, Pol D., Joan Oriol, Migue eta Gorostidiri.