Real Sociedad 0 - 0 Atlético de Madrid

Gehiago merezi izan dute

Vídeo

Realak puntu bat eskuratu du Atletico Madrilen aurkako berdinketa sinatuta golik gabeko partida batean. Gipuzkoarrek hainbat aukera barkatu dituzte aurkari sendo baten aurrean.

Partida Real nagusi batekin hasi da. Txuri urdinak partida neurtzen joan dira, pixkanaka, aurkariak itoz eta kontraerasoa bilatzera behartuz. Partidaren lehen aukerak horrela sortu dira, Mariasunen arearantz sartutako hainbat kolperekin, baina etxeko defentsa paregabe egon da saiakera guztiak geldituz. Norgehiagoka irekitzen joan da eta bi ateetan arriskua sortu duen joan-etorri etengabea sortu da zelaian, baina Atletico pixka bat finago aritu da, golaren bila etsi gabe. Hala eta guztiz ere, etxeko atzelariek eta atezainak atea hutsean mantendu dute. Gipuzkoarrek kontraerasoan bilatu dute aukera, pazientziaz, Barbararen eta Amaiurren hegaletatik min eginez. Korrikaldi batean azken hau gol egiteko puntuan egon da, kontrako hegaletik jasotako baloi bat kolpatuz, baina Peyraud-Magnin atezainak partidako lehena saihestu du. Lehen zatiaren amaiera eta dena ikusteko bigarrenean.

Bigarren zatia modu frenetikoan hasi da. Minutu gutxira, Amaiur lurrera bota dute aurkariaren arean eta epaileak penaltia adierazi du. Nahikarik bota du, baina bere jaurtiketa indartsuak zutoinean jo du eta aldaratzea urrun bidali du aurkariaren atzealdeak. Gertu egon da. Atletico animatu egin da eta pixkanaka partidan sartzen joan da. Nyoja Ajararen jaurtiketa batekin izan du aurretik jartzeko aukera, baina baloia kanpora joan da. Norgehiagoka nagusitasun txuri urdineko fase batean sartu da. Inflexio puntua Amaiurren buruz buruzko aukera bat izan da. Aurkariaren atearen aurrean bakarrik geratu ostean, bere jaurtiketa blokeatuta ikusi du. Beste aukera zapuztu bat. Partidaren azken zatian, Atleticen aldeko hainbat aukera izan dira protagonistak; hala ere, Mariasun handi bat bota dioten guztia gelditzeko gai izan da. Azken txistua eta berdinketa.

Puntu banaketa Zubietan, irabazteko aukerarekin, baina positiboki baloratutako puntu bat aurkari indartsu baten aurka. Taldeak Real Madrilen aurka jokatuko du etxetik kanpo datorren asteko etenaldiaren ostean. Aupa Real!

Fitxa teknikoa:

Real Sociedad: Quiñones, Iraia (Maddi, min.23), Lucía, Etxezarreta (Gemma, min.86), Nahikari (N. Eizagirre, min.65), Itxaso, Bárbara (Franssi min.65), L. Baños (Palacios, min.86), Amaiur, N. Mendoza, Maitane

Atletico de Madrid: Peyraud Magnin, Aleixandri, Knaak, Ludmila (Ajibade, min.77), A. Sampedro (Claudia, min.88), Strom (Menayo, min.46), Mseguer, Duggan (Laurent, min.63), Tounkara, Leicy Santos (Bernabé, min.88), Njoya Ajara

Epailea: Verónica González Sánchez. Etxeko N. Mendozari, eta kanpoko Ludmilari eta Tounkarari txartel horia atera die.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!