Sansek beste garaipen bat lortu du Barakaldori 0-1 irabazi ondoren Lasesarren. Mariezkurrenaren gol ikusgarri batek, bigarren zatia hasi eta gutxira, txuri-urdinek beste hiru puntu lortzeko eta liga hasiera honetan galdu gabe mantentzeko balio izan du.
Norgehiagoka zaparrada izugarri batekin hasi da eta horrek zelaia egoera erabilgaitzean utzi du. 17 minutu jokatu ondoren, partida ordubetez bertan behera geratu da, eta berriro hasi da, euri gutxiago eta berdegunea egoera hobean zituela. Mikel Rodriguezek izan du lehen aukera, Unaik harrapatu duen jaurtiketa batekin. Bizkaitarren onena Maroanek izan du, Beitiak atepetik urrundu duen korner baten irteeran. Lehen zatiko azkena, eta zalantzarik gabe argiena, penalti batekin iritsi da, baina Gotik ez du lortu eraldatzea jaurtiketa langa gainetik bidali ostean.
Bigarren zatia hasi eta hamar minutura iritsi da partidako jokaldia: Mariezkurrenak baloia kontrolatu, atzelaria gainditu eta 40 metrotik, ezkerkada ikusgarri batekin, sare barrura bidali du. IZUGARRIA. Hortik aurrera, gure filialak lan-jantzia jantzi eta bizkaitarren eraso guzti-guztiak zapuzteko borrokatu du. Hala ere, aukerarik onenak txuri-urdinek izan dituzte. Ochieng, area barruan egindako erremate batekin, kontraeraso bat amaitzear izan da, baina baloia oso gutxigatik kanpora joan da. Etxekoek asko estutu dute azken minutuetan, nahiz eta gure taldeak azken unera arte borrokatu duen eta markagailua ez den gehiago mugitu.
Asko sufritutako garaipena, baina merezimendu handikoa Sanserentzat, bere partidak garaipenengatik kontatzen baititu. Datorren ostiralean, etxetik kanpo eta hasiera honetan bitik bi batzen dituen beste talde baten aurka: Cultural Leonesa. Aupa Sanse!
Fitxa teknikoa:
Barakaldo CF: Unai, De Jesús (Vicandi, min. 65), Borja García, Aymane, Oier (Revilla, min. 46), Ekaitz (kap.), Huidobro (Jesús, min. 65), Pedernales, Isuskiza (Muguruza, min. 46), Pablo (Urki, min. 78) eta Maroan.
Sanse: Fraga, Rupérez, Camara, Beitia, Balda (Agote, min. 82), Guibelalde (Carbonell, min. 82), M. Rodríguez (Ochieng, min. 30), E. García, Goti (kap.) (Ramírez, min. 72), Mariezkurrena (Osazuwa, min. 72) y Orobengoa.
Gola: 0-1: Marizkurrena, min. 55.
Epailea: Pozueta Rodríguez. Txartel horia erakutsi die kanpoko E. García, Goti eta Rupérezi.