REAL SOCIEDAD 3-1 CA OSASUNA

Gorantz

Realak bikain jarraitzen du. Gaur gauean argi eta garbi hartu du mendean Osasuna, donostiarren beste partida oso on batean. Txuri-urdinak erasokor aritu dira. Oyarzabalen gol batek, berriro ere, eta Guedesen beste bik sailkapenean goiko postuetan jartzen dituzte txuri-urdinak txapelketaren azken txanpari begira.

Norgehiagoka erritmo handiarekin hasi da. Aukerak iritsi dira, lehenik Osasunarentzat, Victorrek buruz egindako erremate batekin. Realak Oyarzabalen bi abagune argirekin erantzun du, eta bietan baloia oso gutxigatik kanpora joan da. Kapitainak, hamaika metroetatik, bere kondaira handitzen jarraitu du, Boyomok egindako penalti bat sartuta. Reala aurretik jarri da, eta, minutu batzuk geroago, bigarrena egin du Guedesen jaurtiketa izugarri batekin. Bigarren gol horrek “groggy” utzi du Osasuna eta donostiarrak jaun eta jabe izan dira atsedenaldira arte.

Bigarren zatia hasi eta berehala, eta Turrientesen bakarkako ekintza bikain baten ondoren, Guedesek ezkerkada on batekin hirugarrena egin du. Gorritxoek, berehala, aldea murrizteko aukera pare bat izan dituzte, baina ez dute Remiroren aurrean asmatu. Realak agintzen jarraitu du, baina zertxobait gutxiago estutzen. Liccirenak, Muñozen ekintza on batean, tartea murriztu dute amaierarako ordu laurdena falta zela.

Amesten jarraitzeko beste garaipen bat Anoetan. Zelaia gotorleku bat da eta horrela igartzen da. Asko ematen digu. Gehiagoren bila!

Fitxa teknikoa:

Real Sociedad: Remiro, Aramburu, Ćaleta-Car, Zubeldia, Segio Gómez, Turrientes (Marín, min.63), Soler, Brais Méndez (Sučić, min.63), Barrene (Wesley, min.84), Guedes (Herrera, min.63)(Óskarsson, min.69) eta Oyarzabal (kap.).

CA Osasuna: Herrera, Rosier, Boyomo, Catena (Herrando, min.58), Javi Galán, Torró (Moi Gómez, min.46), Moncayola (kap.)(Osambela, min.84), Moro (Muñoz, min.46), Víctor, Aimar eta Budimir.

Golak: 1-0: Oyarzabal (pen.), min.24. 2-0: Guedes, min.28. 3-0: Guedes, min.52. 3-1: Víctor, min.77.

Epailea: Guillermo Cuadra. Txartel horia atera die etxeko Turrientes, Óskarsson eta Zubeldiari.

Ikusle kopurua: 30.856 pertsona.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!