“Sareak, gure itsasoen alde jokatuz”, lelopean, erabili gabeko sareak berreskatatu dira itsasotik, futbol-ateetako sare bihurtzeko.
640.000 tona arrantza-sare gure ozeanoen hondoan amaitzen dira urtero. Panthalassarekin batera, Gipuzkoako Saregileen Elkartearen, Realaren urpeko atalaren eta Salto Systemsen babesaren laguntzarekin, Real Sociedad Fundazioak martxan jarri du "Sareak, gure itsasoen alde jokatuz”.
Ekonomia zirkularreko proiektu horri esker, itsas hondotik, Gipuzkoako portu eta biltegietatik erabiltzen ez diren sareak berreskatatzen dira, eta birziklatu egiten dira futbol-ateetako sare bihurtuz.
Proiektu honekin, Realak eta bere fundazioak beste urrats bat eman dute jasangarritasuna eta ingurumena zaintzeko estrategian.
Proiektua duela bi urte baino gehiago sortu zen eta hiru fasetan garatu da. Erreskatearen lehen fasean, ahalegin guztiak sareen kokapenera, horien identifikaziora eta bilketarako urperatze-plangintzara bideratu ziren. Lehen fase honetan, beti ere Panthalassaren zuzendaritza teknikoaren pean, Realaren urpeko sekzioaren lana oso garrantzitsua izan zen.
Bigarren fasean, birziklatze-prozesuarekin hasi zen. Sareak lortu ondoren, birziklatu egin behar ziren, bigarren bizitza bat eman ahal izateko. Hemen saregileek paper berezia jokatu zuten.
Saregileak Euskal Herriko historiaren eta kulturaren funtsezko zati bat dira eta hamar mende baino gehiagoz euskal ekonomiaren zutabeetako bat izan dira. Real Sociedad Fundazioarentzat SAREAK proiektuaren alderdi garrantzitsuenetako bat izan da emakume horien lan-jarduera eta gure kulturan hain errotuta dagoen lanbide honi ikusgarritasuna ematea.
Saregileek ehundutako eta prestatutako sareak lortu eta zuriz tindatu ondoren, azken faseari ekin zaio. Lehenengo kasu honetan, Kontxako Hondartzako Eskolarteko Txapelketako porteriak. Jokatutako azken jardunaldian sare hauek banatzen hasi ginen. Donostiako eskola-futbola da sare horien lehen fase honetako azken hartzailea.
Kontxako hondartza-futboleko jardunaldietako bat aprobetxatuz, lehen partidak jokatu ziren, Gipuzkoako itsas hondoetatik eta portuetatik lortutako ate-sareekin.
Sareak proiektua hasi berri da, prozesua diseinatu eta haren bideragarritasuna ikusi ondoren, hemendik aurrera sare horiek birziklatzen jarraitzea da helburua, futbol-zelaietatik haratago ere helmuga desberdinak izango dituen bigarren bizitza bat emateko.
Proiektu hau sareentzat beste bizitza batean pentsatzeko nahiaren emaitza da. Egungo lanbideak, ezagutza tradizionala eta teknologia aktibatuz, enpresaren mundua lagunduz arduraz eta lurraldeko eragileak elkarrekin komunikatuz.
Real Sociedad Fundazioko zuzendari Andori Iraola, Panthalassako zuzendari sortzaile Sergio Penzo, Gipuzkoako Rederas Elkarteko Edurne Salaberria, Gipuzkoako Futbol Federazioko presidente Manu Diaz eta Salto Systemseko Borja Ganzarain Brand - Communications & Content Marketing izan dira gaur goizean Reale Arenan egindako aurkezpen ekitaldian.
Andoni Iraolak, proiektu honetan parte hartu duten erakunde guztiei eskerrak eman ondoren, adierazi du Real Sociedad Fundazioarentzat proiektu hau dela gauzatzeko zailenetako bat eta, hala ere, atseginenetakoa izaten ari dela. “Gure itsasoak zaintzeko eta horren inguruan sentsibilizatzeko beharraz gain, birziklatzearen eta ekonomia zirkularraren kultura sustatzeaz ari gara” adierazi du.
Bestalde, Sergio Penzo Panthalassako zuzendari sortzaileak adierazi duenez, “sormenak paper handia du ingurumenarekiko dugun erantzukizunean, gure ozeanoen hauskortasuna bezain serioa den zerbait hartzeko eta gaiari modu aktibo eta positiboan heltzen dion SAREAK bezalako proiektu bat bihurtzeko ahalmena du.”
Panthalassari buruzko informazioa
Panthalassa agentzia eta ekoizpen sortzailearen konbinazio bat da, itsasoarekin lotutako edukiak lantzen dituena. Ez bezeroentzat bakarrik, baita proiektu propioentzat ere, eta horrela iritsi zen Real Sociedad Fundazioarekin batera lan egitera, SAREAK proiektua aurrera emateko. www.panthalassa.tv
Sareak buruzko informazio gehiago
Proiektu honi buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, jo
[email protected] helbidera.