Gaur bai. Realak bere aurpegi ona eskaini du eta CA Osasuna mendean hartu du Errege Kopako finalerdietan sartzeko. Barrene eta Braisen golekin, intentsitate, kemen eta eraginkortasunarekin jokaturiko lehen zati batek hurrengo kanporaketarako txartela eman die txuri-urdinei- Horrelako partida baten beharra zuten.
Partida kanpokoentzako bi aukera onekin hasi da, desbideratuta joan den Budimirren erremate behartu batekin eta Orozek gutxigatik kanpora bidali duen estrategia jokaldi batekin. Realak ondo erreakzionatu du, eta Oyarzabalen eta Barreneren artean burututako jokaldi eder batean, donostiarrak Herrera gainditu du maila handiko maniobra batekin. Hamar minutu geroago, txuri-urdinen presioari esker, kanpokoen atzealdeak huts egin du eta Oyarzabalek bigarrena utzi dio Braisi. Partida hobeto jarri da Catenak txartel gorria ikusi duenean. Erdiko atzelari gorritxoak falta egin du, oina oso goian zuela, eta txartel gorria ikusi du, epaileak VAR-a begiratu ondoren.
Bigarren zatian Imanolen mutilek ondo gidatu dute partida, besoak inoiz jaitsi ez dituen Osasunari gehiegi eman gabe. Bi ateetan abagunerik izan gabe, ezustekorik gabe amaitu da norgehiagoka txuri-urdinentzat.
Reala finalerdietara itzuliko da urtebete geroago. Hirugarren aldia sei urtean. Harro egoteko datuak, baina gehiago nahi dugu. Zozketa, datorren asteazkenean.
Fitxa teknikoa:
Real Sociedad: Remiro, Aritz, Zubeldia (Aramburu, min.60), Aguerd, Aihen, Zubimendi, Marín (Olasagasti, min.60), Brais Méndez, Take (Becker, min.81), Barrene (Sergio Gómez, min.55) eta Oyarzabal (kap)(Óskarsson, min.55).
CA Osasuna: Sergio Herrera, Areso, Boyomo, Catena, Juan Cruz, Moncayola (Torró, min.60), Iker Muñoz, Rubén García (Bryan, min.61), Kike Barja (cap)(Herrando, min.37), Aimar (Ibáñez, min.61) eta Budimir (Raúl García, min.72).
Golak: 1-0: Barrene, min.21. 2-0: Brais Méndez, min.31.
Epailea: Melero López. Txartel horia erakutsi die etxeko Oyarzabal, Aihen eta Aguerdi eta kanpoko Moncayola, Herrera, Ibáñez eta Aresori. Kanpoko Catenari txartel gorri zuzena erakutsi dio 35. minutuan.
Asistentzia: 34.658 ikusle.