Reala gorantz doa. Arratsalde euritsu batean, talde gipuzkoarrak modu ezin hobean jokatu du. Bi eta huts garaitu du Atletico de Madrid neurketa borobilduz. Futbol asko, arerio gogor baten aurka. Vela eta Willian Josek sartutako penaltiek etxean utzi dituzte puntuak. Berriro ere. Hirugarren garaipena segida eta laugarrena etxean. Gaur, gainera, menperaezina den talde madrildarraren aurrean. Arratsalde handi berri bat Anoetan. Partida interesgarria izango zela ematen zuen eta bete egin du. Txuri-urdinak sendo agertu dira barkatzen ez duen arerio baten aurka. Gipuzkoarrek neurketaren pisua eraman dute lehen zatian, kanpokoek arriskua eraman duten arren Rulliren atera. Reala Oblaken inguruan zebilen, baina Atleticori gola sartzea beti da zaila. Willian Josek gertu izan du burukada batean, argiena zutoinean jo duen Gameiroren erremate bat izan den arren. Etxekoen erantzuna segituan iritsi da. Velak ezkerkada bikain batekin lanak eman dizkio Oblaki. Lehen zati ona, erritmo eta futbolarekin. Bigarren zatia hasi bezain pronto, Oyarzabal eta Yuriren arteko konbinazio batean, epaileak penalti adierazi du Gabik sarrera argia egin eta gero defentsa txuri-urdinari. Carlos Velak ez du barkatu, 1-0. Realak nagusitasuna mantendu egin du eta bigarrena gertu izan dute Velak eta Willian Josek. Mexikarrari egindako penalti berri batean, brasildarrak maisuki lortu du bi eta hutsekoa. Partidaren azken uneetan aurrera pauso bat eman dute kanpokoek, baina txuri-urdinek atea hutsean utzi dute berriro ere. Sonako garaipena, ospatzekoa baina aurrera jarraitzeko ere. Taldea gorantz doa, gehiago nahi du. Orain arte egindakoa liluratzeko modukoa da. Bide luzea dugu aurretik, baina bidea hau da. Fitxa teknikoa: Real Sociedad: Rulli, C. Martinez, Mikel, Raul Navas, Yuri B., Illarra, Zurutuza, X. Prieto (kap)(min.73), Carlos V. (D. Concha, min.82), Oyarzabal eta Willian J. (Juanmi, min.88).Atletico de Madrid: Oblak, Juanfran, Savic, Godín, Filipe Luis, Gabi (cap) (Thomas, min.73), Koke, Saúl (Correa min.61), Griezamnn, Carrasco eta Gameiro (F. Torres, min.67). Golak: Carlos Vela (pen), min.54. 2-0: Willlian Jose (pen), min. 75. Epailea: Alvarez Izquierdo. Txartel horia erakutsi die Carlos V., Canales eta kanpoko Godín, Juanfran, F. Torres, Thomas. Asistentzia: 24.048 zale.
Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!
Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.
Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!