REAL SOCIEDAD 0-1 FC BARCELONA

Hobeak denetan, gola izan ezik

Golik gabe ez dago paradisurik. Ia gauza guztietan hobeak izan arren, Realak huts eta bat galdu du Bartcelonaren aurka Reale Arenan jokatutako partidan. Kanpokoen gol goiztiar batek neurketa bikaina burutu duen Reala garaitu du, gola izan ezik, merezi arren batu gabe utzi baitu.

Reala ondo sartu den arren, blaugranek hartu dute aurrea markagailuan. Aubameyangek bigarren zutoinean jarritako baloi bat aprobetxatu du sarera bidaltzeko. Sorlothek beste burukada on bat izaneta Ter Stegenek gelditu du. Etxekoek ondo berregin dute kolpea. Kanpokoek beste hiru jokaldi on izan dituzte, De Jong, Ferran eta Aubameyangen jaurtiketa estuekin, eta gutxigatik joan dira kanpora. Atsedenaldiaren atarian Imanolen mutilek aukera garbiena izan dute. Sorlothek baloi ona utzi dio Isaki, baina aurrelari suediarrak ez du asmatu eta gehiegi gurutzatu du baloia.

Bigarren zatiaren hasieran txuri-urdinek beste gol aukera argi bat izan dute. Sorlothek ez du bigarren zutoinean asmatu eskuin hankarekin apur bat behartutako erremate batean. Realak Barça bere zelaian itxi du lehen minutuetan eta ederki merezi izan du berdinketa. Sorlothek, veste behin, Ter Stegenek azken momentuan urrundu duen beste aukera bat izan du. Barçak presioa gainetik atera du une batez eta, kontraeraso batean, bigarrena sartzeko abagunea izan du Gaviren erremate batean, kanpora joan dena gutxigatik. Azken txanpan Realak saiatzen jarraitu du, baina berdinketa lortu gabe.

Asmatu ez izanak Reala zigortu du. Oso partida ona burutu du, baina goian asmatu gabe, talde hauen aurrean, ia ezinezkoa da. Bost final amaierarako. Azken ahalegina egitea tokatzen da. Aupa, Real!

Fitxa teknikoa:

Real Sociedad: Remiro, Zaldua (kap) (Gorosabel, min.81), Zubeldia, Le Normand, Rico, Zubimendi (Guevara, min.92), Merino, Rafael (Guridi, min.81), Januzaj (Martin, min.86), Isak (Portu, min.86) eta Sorloth.

FC Barcelona: Ter Stegen, Alves (Dest, min.66), Araujo (Eric, min.55), Pique (Lenglet, min.82), Alba, Sergio (kap), F. De Jong, Gavi, Dembele, Ferran eta Aubameyang (De Jong, min, 82).

Gola: 0-1: Aubameyang, min.11.

Epailea: Del Cerro Grande. Txartel horia erakutsi die etxeko Normandi eta kanpoko Araujo eta Gaviri.

Asistentzia: 35.128 ikusle.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!