Sansek bina berdindu du Cultural Leonesaren aurka gaur arratsaldean Zubietan. Gotiren bi golak ez dira nahikoa izan liderra garaitzeko, nahiz eta bi goleko abantaila eduki 75. minutura arte.
Neurketa berdinduta eta abagunerik gabe hasi da. Donostiarrek baloiaren jabetza mantendu dute, eta Leoneko taldea kontraerasoan min egiten saiatu da. Ruperezen erdiraketa baten ondoren, Mariezkurrena area barruan lurrera bota dute errematea egiterako momentuan, eta epaileak penaltia adierazi du. Gotik ez du huts egin hamaika metroetatik eta txuri-urdinak aurretik jarri ditu markagailuan. Kanpoko taldea erantzuna ematen saiatu da iritsiera arriskutsu batekin, baina ezin izan dute ondo bukatu. Azken minutuetan abaguneak izan dira bi taldeentzat: lehenengo Miguel Bañuzek kornerrera bidali ditu Eder Garcia eta Baldaren jaurtiketak, eta ondoren Fragak geldiketa bikoitza ikusgarria egin dio Samanesi, lehen zatiko azken minutuan berdinketa saihestuz.
Bigarren zatian partidak ildo beretik jarraitu du. Gipuzkoarrek errenta bikoizteko aukera izan dute hasi eta gutxira, baina Mariezkurrenak Mikel Rodriguezen erdiraketari egindako errematea kanpora joan da. Handik gutxira, Fragak geldiketa ona egin du Pastorizak jaurtitako falta kornerrera bidaltzeko. Ruperez area barruan erori ondoren, epaileak etxekoen aldeko penaltia adierazi du berriro. Gotik ere ez du barkatu oraingoan, txuri-urdinen abantaila bikoiztuz. Norgehiagoka bideratuta zegoela zirudienean, Luis Chaconek aldea murriztu du eskuin hegaletik egindako erdiraketa bigarren zutoinean errematatu ostean. Jokalari berak, lau minutu geroago, berdinketa lortu du falta jaurtiketa batekin. Hurrengo jokaldian, Fragak markagailua iraultzea saihestu du geldiketa bikain batekin. Luzapenean bi taldeak hirugarren golaren bila joan dira, baina azkenean partida binakoarekin amaitu da.
Berdinketa gazi-gozoa Sanserentzat, gertu izan baitu garaipena eta lidertzara hurbiltzea. Hala ere, Bigarren Mailara igotzeko playoff postuetan jarraitzen dute. Datorren astean Real Union izango dute aurkari Stadium Galen jokatuko den derbi gipuzkoarrean.
Fitxa teknikoa:
Sanse: Fraga, Rupérez, Beita, P. Rodríguez (kap.), Balda (Agote, min. 69), Carbonell, E. García (Ramírez, min. 81), M. Rodríguez (Lebarbier, min. 69), Goti, Marchal (Orobengoa, min. 58) eta Mariezkurrena (Ochieng, min. 81).
Cultural y Deportiva Leonesa: Miguel Bañuz (kap.), V. García, Fornos, Satrústegui, Víctor Ruiz (Álvaro, min. 58), S. Maestre (K. Presa, min. 69), D. Barri (Bicho, min. 69), Pastoriza (Calderón, min. 86), Luis Chacón, Samanes (A. Escobar, min. 58) eta Manu Justo.
Golak: 1-0: Goti (pen.), min. 27. 2-0: Goti (pen.), min. 68. 2-1: Luis Chacón, min. 76. 2-2: Luis Chacón, min. 80.
Epailea: Rodríguez Recio. Txartel horia erakutsi die etxeko Mariezkurrena, Rupérez eta Baldari eta kanpoko S. Maestre, Satrústegui, D. Barri eta K. Presari.