Gure hirugarren taldeak huts eta hiru galdu du Deportivo Aragonen aurka gaur arratsaldean Zubietan. Lehen zatiko azken jokaldian sartutako gol batek eta bigarrenaren hasieran egindako beste bik mailari eustea are zailagoa jarri diete txuri-urdinei.
Donostiarrek aurrea hartzeko hainbat aukera izan dituzte nagusi izan diren lehen zatian. Eceizabarrenak izan du lehenengoa areaz kanpotik egindako ezkerkada batekin, baina Calaviak kornerrera bidali du geldiketa bikain egin ondoren. Geroago, Torresek bigarren zutoinean gora errematatu du Adjabengek eskuin hegaletik egindako erdiraketa bat. Argiena azken txanpan iritsi da, Calaviak Carrera eta Otaduiren jaurtiketei geldiketa bikoitz ikaragarri batekin erantzun dienean. Gipuzkoarrak atsedenaldira abantailarekin ez iristea bidegabea bazen ere, azken jokaldian iritsi da zartakoa kanpokoen golarekin haien lehen jokaldi arriskutsuan, Cuencak Diaz de Aldan errebotatu duen eskuinkada baten ostean.
Bigarren zatian, zaragozarrek gorantz egin dute eta hamar minututan bi gol egin dituzte partida erabakita uzteko. Lehenengoa Mañasek egin du, Sabaterren pasea aprobetxatuta, eta bigarrena, hiru minutu geroago, Pinillak sartu du, areaz kanpotik egindako jaurtiketa baten bidez banakako jokaldi on baten ostean. Txuri-urdinak erreakzionatu ezinik geratu dira eta ia ez dira aurkariaren areara iristeko gai izan. Azken txanpan ez da ez abagunerik ez iritsiera arriskutsurik izan, eta horrela, neurketaren amaierara huts eta hirukoarekin iritsi da.
Oso emaitza gogorra gure bigarren filialarentzat, porrot mingarria jaso baitute lehen zatian aurrea hartzeko abagune mordoa izan ondoren. Donostiarrek ia ezinezkoa dute mailari eustea, baina oraindik itxaropen pixka bat dute. Datorren astean Ibaia bisitatuko dute Alaves B taldearen aurka jokatzeko, salbazioa lortzeko aukerak mantentzeko helburuarekin.
Fitxa teknikoa:
Real Sociedad C: Zango, Garro, Díaz de Alda, Ropero, Torres, Aguirre, Eceizabarrena (kap.) (Arruti, min. 71), Adjabeng (H. Rodríguez, min. 63), G. Gorosabel (Oleaga, min. 71), Otadui (Soroeta, min. 46) eta Carrera.
Deportivo Aragón: Calavia, Sabater (Lemeray, min. 80), Hugo, Barrachina, Vallejo (kap.), Recasens (Linares, min. 80), Lucas Terrer, Pinilla (Pablo Cortés, min. 85), Angong, Cuenca (Yoha, min. 85) eta Mañas (Koné, min. 89).
Golak: 0-1: Cuenca, min. 45+2; 0-2: Mañas, min. 52; 0-3: Pinilla, min. 55.
Epailea: Morato Vega. Txartel horia erakutsi die etxeko Adjabeng eta Otaduiri eta kanpoko Vallejo, Recasens eta Hugori.