RAYO VALLECANO 0-2 REAL SOCIEDAD

Irabazi, irabazi eta irabazi

Vídeo

Reala ez da irabazteaz nekatzen. Gaur berriro egin du, oraingoan Vallecasen, bederatzigarren garaipena jarraian lortzeko (bosgarrena LaLigan) eta denboraldi osoan zehar jaitsi ez den abiadurarekin jarraitzeko. Sorlothen eta Barreneren golek hiru puntu berri eman dizkiote ilusioz gainezka dagoen talde bati.

Reala oso ondo atera da. Bertikaltasunez eta martxa bat gehiagorekin, Imanolen mutilek aurrea hartu dute Sorlothen gol eder batekin. Aurrelariak ederki aprobetxatu du Silvaren pasea eta, defentsako beste ekintza handi batean, baloi bat lapurtu du zelai erdialdean, eraso bikaina burutzeko. Txuri-urdinek ondo gidatu dute norgehiagoka, soiltasunez eta irmotasunez, eta ordu erdia pasata, abantaila bikoiztu dute estrategia jokaldi bikain batean. Braisek korner bat jaurti du, Aritzek lehen zutoinean luzatu du eta Barrenek, bigarrenera iritsita, gola sartu du. Lehen zati ezin hobea, non gipuzkoarrak atzealdean sendo eta aurrealdean eraginkor agertu diren.

Bigarren zatia Remiroren geldiketa handi batekin hasi da, Lejeuneren burukadaren ostean. Rayok asko estutu du, baina Realak ondo eutsi die bultzadari, eta neurketa berriro kontrolatu du. Azken txanpara arte ez da ia aukerarik izan, Marin eta Olasagastiren jaurtiketa pare bat izan ezik (Gora Zubieta!).

Realak egoera ezin hobean jarraitzen du. Egunero gozatu behar da lortzen ari denarekin. Izugarria. Orain, erronka handiagoen bila. Aurrera, Reala!

Fitxa teknikoa

Rayo Vallecano: Dimitrievski, Balliu (Salvi Sánchez, min. 83), Catena, Lejeune, Fran García, Unai López (Santi, min.46), Trejo (kap)(Falcao, min.67), Pathe Ciss, Isi (Nteka, min.67), Álvaro eta Camello (Andrés, min. 83). 

Real Sociedad: Remiro, Aritz, Zubeldia, Le Normand, Rico, Illarra (kap), Marín (Carlos Fdez., min.81), Brais Méndez (Martín, min.65), Silva (Olasagasti, min.65), Barrene (Navarro, min.70) eta Sorloth (Oyarzabal, min.65).

Golak: 0-1: Sorloth, min.15. 0-2: Barrene, min.36 

Epailea: Mateu Lahoz. Txartelik gabe.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!