ATLETICO DE MADRID 2-2 REAL SOCIEDAD

Irabaztetik oso gertu

Vídeo

Puntu handia. Realak partida bikaina jokatu du eta puntu garrantzitsua eskuratu du Metropolitanon bina berdinduta. Egungo txapeldunaren aurka zugandik zugana jokatuz, Imanolen mutilek bertsio bikaina eskaini dute, eta Sorloth eta Isaken golekin bi goleko aldea hartu duten arren, etxekoek berdinketa lortu dute bigarren zatian, zalantzazko penalti batekin.

Historia ez zaigu inoiz aproposegia izan Atleticoren zelaian, nahiz eta duela bi denboraldi Europako txartela hemen eskuratu genuen. Norgehiagokaren zailtasuna nabaria zen. Giro bikainarekin, Realak bloke solido batekin eta bi aurrelarirekin egin du salto zelaira, Isak eta Sorloth, puntan. Lehenengo aukera arriskutsuan, oso ondo neurtutako kontraeraso batean, Sorlothek gipuzkoarrak aurreratu ditu, txuri-urdin gisa bere lehen gola sartuz. Jokaldi perfektua eta huts eta bat. Etxekoek asko probatu dute, baina urrutiko jaurtiketekin eta arrisku handirik gabe. Maiz iritsi dira eremuaren ertzera, baina behin betiko jokaldietan argitasunik gabe. Reala zelaian eroso egonda, gipuzkoarren erasoak gehiagora joan dira. Isaken bi saiakera on Sorloth eta Silvaren arteko horma eder baten aurretik joan dira, eta kanariarrak, eskoratuta, ordu erdia baino lehen Oblaken gorputzera bidali du baloia. Atsedenaldira iritsi arte, joko parekatua eta donostiarrak gero eta gehiago kontrolatzen jokoa.

Realak bikain ekin dio bigarren zatiari. Hirugarren minutura, Isakek bigarrena sartu du area ertzetik jaurtitako falta batean. Ezinhobeto. Simeoneren mutilei kosta egin zaie erreakzionatzea eta ordu laurdenera arte ez dute lortu, Carrascoren jaurtiketa arriskutsu batekin, kanpora joan dena gutxigatik. Jokaldi hori egin eta gutxira, Suarezek baloia sareetara bidali du, distantziak murriztuz eta etxeko zaleak berriro ere animatuz. Atleticorekin berdinketaren bila, Realari eustea egokitu zaio eta, ahal zuenean, azkar atera da kontraerasora. Baina Hernandez Hernandezek, VARetik, epaileari deitu dio Merinok Suarezi egindako ekintza bat ikusteko. Kontaktu oso arina. Uruguaitarraren gola hamaika metroetatik. Azken txanpan, aurkariaren inertziarekin ere, Potuk gola sartzeko aukera izan du, baina bere boleak defentsan jo du.

Puntu hau hiru izan zitezkeen, baina ondo daki. Jarraitu egin behar da. Aupa, Real!

 

Fitxa teknikoa:

Atletico de Madrid: Oblak, Trippier, Felipe, Hermoso (Herrera, min.74), Lodi (Correa, min.58), De Paul (Kondogbia, min.58), Koke (kap), Lemar (Carrasco, min.46), Joao Felix, Griezmann (Cunha, min.74) eta Suarez.

Real Sociedad: Remiro, Zaldua (Turrientes, min.63), Aritz, Le Normand, Zubeldia, Gorosabel, Guevara (Januzaj, min. 88), Merino, Silva (Pacheco, min.63), Isak (Portu, min.63) eta Sorloth (Lobete, min. 88).

Golak: 0-1: Sorloth, min.7. 0-2: Isak, min.48. 1-2: Suarez, min.62. 2-2: Suarez (pen) min.77.

Epailea: Munuera Montero. Txartel horia erakutsi dio etxeko Feliperi eta kanpoko  Zaldua eta Aritzi.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!