REAL MADRID 3-4 REAL SOCIEDAD

Izugarria

Vídeo

Realak historia egin du gaur gauean. Hiru eta lau irabazi dio Real Madridi, heldutasunez betetako partida bikain batean. Ezbeharren aurrean hazi egin da, eta, gainezka zegoen Bernabeu batean, justizia osoz sailkapena lortu du. Odegaarden gol batek, Isaken bi golek eta Merinoren errubrikak finalerdietan jartzen dituzte gipuzkoarrak.

Realak lehen zati bikaina egin du. Zelaian ondo landuta eta aire onarekin iristen zen aurkariaren areara. Etxekoek Brahim eta Viniciusen trebezia bilatzen zuten, baina Remiro urduritu gabe. Lehen zatiaren erdialdean, kontraeraso azkar batean, aurrea hartu dute donostiarrek, Odegaarden gol bati esker. Isakek area kanpotik jaurti du eta Areolaren aldaratzea aurrealdetik errematatu du Norvegiako erdilariak. Lehen zatiko azken txanpan madrildarrek bultzada handiagoa eman dute, baina atzelari txuri-urdinek bikain eutsi diote. Are gehiago, zorte pixka bat gehiagorekin abantaila handitu zezaketen. Isakek ez du asmatu ezkertiar pare bat aukera interesgarritan.

Atsedenaldiaren lehen hamabost minutuak bikainak izan dira. Jokoz kanpo egoteagatik Isaken gola baliogabetu ostean, aurrelariak ezkerrarekin baloia sarera bidali du Barrenetxearen pase eder baten ondoren. Gol bikaina. Eta bi minutu geroagohirugarrena. Baloia area barruan jarri eta Isakek baloia barrura bidali du. Huts eta hiru, baina asko oraindik aurretik. Ez zen hain erraza izango. Marcelok aldea murriztu du Chamartinen taldea partidan sartzeko. Ordu erdia geratzen zen oraindik. Ordu erdi luzea. Baina Reala benetako taldea izan da eta laugarren gola sartu du. Isaken erdiraketa eta Merinok, eskuinarekin, Areola gainditu du partida erabakita uzteko. Izugarria. Rodrygok eta Nachok, azken minutuetan, aldea murriztu dute, baina ez dute txuri-urdinen sailkapena saihesteko balio izan.

Reala finalerdietan dago. Bernabeun irabazten, futbol erakustaldia emanez. Sei urte geroago berriro finalerdietan gaude. Eta gehiago nahi dugu. Aupa Real!

Fitxa teknikoa:

Real Madrid: Areola, Nacho, Militao, Sergio Ramos (kap), Marcelo, Kroos, Valverde (Jovic, min.76), James (Modric, min.46), Brahim (Rodrygo, min.76), Vinicius eta Benzema.

Real Sociedad: Remiro, Gorosabel, Aritz, Le Normand, Monreal, Zubeldia, Merino, Odegaard (Guevara, min.64), Oyarzabal (kap), Januzaj (Barrenetxea, min.46) eta Isak (Aihen, min.70).

Golak: 0-1: Odegaard, min.22. 0-2: Isak, min.54. 0-3: Isak, min.56. 1-3: Marcelo, min.59. 1-4: Merino. 2-4: Rodrygo, min.81. 3-4: Nacho min.93

Epailea: Mateu Lahoz. Txartel horia erakutsi die etxeko Militao eta Viniciusi eta kanpoko Odegaard, Le Normand eta Zubeldiari. Kanpoko Gorosabeli bi txartel hori erakutsi dizkio Gorosabel (min. 95).

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!