Realak bat eta bi galdu du Deportivo Abancaren aurka gaur arratsaldean Zubietan. Donostiarrak aurretik jarri dira lehen zatian, baina Coruñakoek buelta eman diote markagailuari bigarrenean, jokalari bat gehiagorekin geratu ostean.
Hasiera parekatu baten ondoren, txuri-urdinek euren nagusitasuna erakutsi dute ordu laurdenetik aurrera. Bi hurbilketa arriskutsu egin ondoren, Nerea Eizagirrek baloi bat berreskuratu du hondoko lerroan eta Elene Guridiri eman dio; honek, jaurtiketa on batekin, donostiarrak markagailuan aurreratzea lortu du. Etxekoek bigarren golaren bila jarraitu dute atsedenaldia iritsi baino lehen, eta Amaiurrek oso gertu izan du falta zuzen batekin, baina bere jaurtiketak langan jo du.
Bigarren zatia hasi eta berehala partida maldan gora jarri da etxekoentzat Leteren txartel gorriarekin. Falta berean, galiziarrek berdinketa lortu dute Olayaren golari esker, eta bi minutu geroago neurketa irauli dute Milleneren beste gol batekin. Momentu batetik bestera Sanchez Veraren taldea markagailuan atzetik eta jokalari bat gutxiagorekin geratu da. Hala ere, harrotasuna erakutsi dute eta berdinketa lortzeko abagune argiak izan dituzte. Intzak gola sartzeko aukera izan du Amaiurren erdiraketa baten ondoren, baina bere errematea Inesek gelditu du. Handik gutxira, Amaiurrek ez du asmatu buruz burukoan. Mirarik luzapenean izan du aukerarik argiena, kanpokoen defentsak atepetik atera duen burukada batekin. Azkenean ez da gehiagorako denborarik izan eta garaipena Coruñara joan da.
Porrot gogorra txuri-urdinentzat, nahiz eta amaierara arte jokalari bat gutxiagorekin borrokatu duten. Datorren astean Athletic Cluben aurka jokatuko dute San Mamesen jokatuko den euskal derbian.
Fitxa teknikoa:
Real Sociedad: Lete, Emma, Cahynová (Intza, min. 55), Apari, Lucía, E. Guridi (Lorena, min. 57), Andreia, Franssi (Mirari, min. 46), L. Pardo (O. Santana, min. 49), N. Eizagirre (kap.) eta Amaiur.
Deportivo Abanca: Inês Pereira, Samara (Cris Martínez, min. 82), Lucía Martínez, Raquel (kap.), Vera, F. Lara (Paula Novo, min. 75), Paula Gutiérrez, Olaya (Bárbara, min. 82), Ainhoa Marín, Hmírová (Eva Dios, min. 63) eta Millene (ADT, min. 75).
Golak: 1-0: E. Guridi, min. 26; 1-1: Olaya, min. 50; 1-2: Millene, min. 52.
Epailea: Cebollada López. Txartel horia erakutsi die etxeko Apariri eta kanpoko Lucía Martínez eta ADTri. Letek txartel gorri zuzena ikusi du 47. minutuan.