GERNIKA 1-0 SANSE

Kolpe gogorra

Sansek gol bakar batengatik galdu du gaur arratsaldean Gernikan. Landerren gol bati esker, amaitzeko hogei bat minutu geratzen zirenean, etxekoek denboraldiko lehenengo garaipena lortu dute.

Lehenengo zatia oso parekatua izan da, intentsitate handikoa. Berdintasun horretan ez ditugu gol aukera askorik ikusi markagailuan aurreratzeko. Gainera, bikain aritu dira lanean bi taldeen atzelariak arrisku guztiak urruntzeko. Bizkaitarren aukera onena atsedenaldirako hamar minutu geratzen zirenean iritsi da, baina baloia kanpora joan da gutxigatik. Gure filialak ere bere abagunea izan du, Aihen Muñozek sortu duena, baina jaurtiketa Garrantxok arrapatu du arazo handirik gabe.

Bigarren zatiaren hasierak ez du mugimendu askorik izan. Kosta egin zaie Imanol Alguacilen mutilei belar artifizialeko zelaiera egokitzea. Etxekoak, aldiz, hobeto sentitzen joan dira minutuak pasa ahala. Bigarren zati honen erdialdera, bizkaitarrak markagailuan aurreratu dira Gorka Larruk, buruz, hegaleko erdiraketa bat errematatu eta gero. Gernikak, emaitza alde izanik, ez du presarik izan azkeneko hogei minutuetan. Bestalde, Sanse azkeneraino saiatu da, gutxienez, berdinketa lortzen, baina ezin izan diote etxekoen gol horri erantzuna eman.

Bigarren porrota jarraian jasan dute honekin txuri-urdinek. Egoerari buelta emateko aukera izango dute hurrengo astean Real Oviedo B-ren aurka Zubietan.

Fitxa teknikoa:

Gernika: Garrantxo, Kevin, Koldo, Aimar, Ander Larru, Lander, Gorka Larru, Enziondo (Santamaria, min. 91), Abaroa (Otiñano, min. 84), Parra (Guarrotxena, min. 87), Pradera.

Sanse: Zubiaurre, Petxarroman, Aranbarri, Lapeña, Muñoz, Guevara (El Hadaddi, min. 77), Zubimendi, Thior (Sola, min. 62), Lopez, Calvillo (Jimenez, min. 86), Olaizola.

Gola: 1-0: Gorka Larru, min. 67

Epailea: Pardeiro Puente. Txartel horia erakutsi die etxeko Ander Larru eta Enziondori eta kanpoko Calvillo eta Aranbarriri. Gainera, etxeko entrenatzailera kanporatu du (min. 57).

Imanol Alguacil: “Ezin izan dugu gure jokoa egin”

Gernikan neurketa amaitu eta gero, Imanol Alguacilek Real Sociedad TV-rekin hitz egin du: “Espero genuen partida izan da, alboko sake eta korner askorekin… Zaila jarri digute, joko gogorrarekin. Ezin izan dugu gure jokoa egin baina ez gara gaizki ibili lanean arlo horietan. Ez ditugu gol aukera asko sortu. Bigarren zatian, aurkariaren aukera bakarrenetariko batean, neurketako gol bakarra sartu dute. Partidak areatan erabakitzen dira eta hobeto egon dira beraiek zentzu horretan. Zoriondu behar zaie”.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!