AD MÉRIDA 0-1 SANSE

Lehen pausoa eman dute

Vídeo

Sansek huts eta bat irabazi dio Meridari gaur gauean Romano Jose Fouto Estadioan playoffeko lehen kanporaketako joaneko neurketan. Mariezkurrenak bigarren zatian sartutako gol batek abantaila eman dio talde txuri-urdinari kanporaketan.

Lehen zatia parekatua izan da. Extremadurarrak hobeto hasi dira eta bi aukera on izan dituzte Javi Eslavaren eskutik: lehenik, Fragak bikain geratu duen buruz burukoan eta, ondoren, Libertoren erdiraketaren ostean eskuinkada altu batekin. Minutuek aurrera egin ahala, donostiarrak hobetuz joan dira eta bere lehen abagunea izan dute Gotik area ertzetik egindako ezkerkada batean baloia berreskuratu ondoren, Juanpak geldiketa on batekin erantzun diona. Atsedenaldira iritsi baino lehen, Astiazaran gertu egon da txuri-urdinak aurretik jartzeko korner batean egindako burukadarekin, baina oraingoan ere Juanpak gola ekidin du.

Bigarren zatian, gipuzkoarrek martxa bat gehiago sartu dute eta lehen abisua eman dute Marchalen erdiraketa arriskutsu batekin, Ruperezek gutxigatik errematatu ezin izan duena. Handik gutxira, Marchalek berak jokaldi on baten ondoren Gotiri pasa dio, baina honen jaurtiketa ez da ona izan eta desbideratuta joan da. Hainbat aukeren ondoren, saria iritsi da Mariezkurrenak burukada bat sarera bidali duenean Baldaren urrutiko erdiraketa ezin hobea errematatuz. Atzera egin beharrean, gure filialak estutzen jarraitu du eta gertu izan du bigarrena behin baino gehiagotan. Meridak bigarren zatian izandako iritsiera arriskutsuenean Fragak geldiketa ona egin dio Javi Eslavaren eskuinkadari. Azken minutuetan markagailua ez da mugitu eta norgehiagoka huts eta batekoarekin amaitu da.

Garaipen oso garrantzitsua lortu du gaur Sansek. Txuri-urdinek kanporaketako lehen pausoa eman dute eta finaletik geroz eta gertuago daude. Orain, itzulerako partidan jarri behar da arreta, datorren igandean etxean jokatuko dena. Goazen!

Fitxa teknikoa:

AD Mérida: Juanpa, Pipe (kap.), Bonaque (Prevedini, min. 65), I. Athuman, S. Del Cerro (Nil, min. 77), Álvaro Juan (Nabian, min. 77), Juanjo S., Raúl Beneit (Pablo Ganet, min. 65), Doncel (Carvalho, min. 65), Liberto eta Javi Eslava.

Sanse: Fraga, Rupérez, P. Rodríguez (kap.) (Guibelalde, min. 77), Beitia, Balda, Carbonell (Lebarbier, min. 72), M. Rodríguez (E. García, min. 60), Astiazaran, Goti, Marchal (Ochieng, min. 72) eta Mariezkurrena.

Gola: 0-1: Mariezkurrena, min. 69.

Epailea: Camacho Garrote. Txartel horia erakutsi die etxeko Bonaque, Pipe eta Juanjo S.ri eta kanpoko Carbonell eta Mariezkurrenari.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!