SANSE 0-1 SESTAO RIVER

Lehen porrota

Vídeo

Sansek 0-1 galdu du gaur arratsaldean Sestao Riverren aurka Zubietan jokatu duen partida parekatu batean, bizkaitarrek ordu erdian sartutako golari esker erabaki dena.

Txuri-urdinak indartsu hasi dira eta 12 segundora Orobengoa, areaz kanpotik egindako ezkerkada batekin, lehenengoa sartzear izan da, baina bere erremateak langan jo du. Guibelaldek ere berea izan du, Gotik egindako erdiraketa baten ostean, burukada desbideratuta joanda. Minutuak aurrera joan ahala, kanpokoak aurrerantz joan dira eta pare bat hurbilketa arriskutsu egin ostean, Leandro Martinezek bere taldea markagailuan aurrea hartzea lortu du, eskuin hegaletik egindako erdiraketa ezkerkada gurutzatu batekin errematatu ostean. Bizkaitarrak nagusi izan dira lehen zatiko azken txanpan, baina ez dute gol aukera gehiago sortu.

Gure filiala indartsu atera da berriro aldageletatik igaro ostean, baina ez du arrisku handirik sortu. Cordobak, ezker hegaletik egindako barnekaldi baten ondoren, Fraga jarri du proban, bigarrena saihestuz. Donostiarren abagune onenak bigarren zatiaren erdialdera iritsi dira: lehenengoa Gotiren burukada batekin, atezainaren irteeraren ondoren, eta bigarrena, argiena, Peru Rodriguezen eskuinkada batekin, zutoinaren ondotik kanpora joan dena. Sestao Riverrek bereak izan ditu azken txanpan partida erabakita uzteko, batez ere Planasen buruz buruko batekin, kanpora joan dena. Azkenean, nahiz eta txuri-urdinak saiatu, markagailua ez da mugitu.

Denboraldiko lehen porrota Sanserentzat, baina gure filialak sailkapenaren goiko postuetan jarraitzen du. Datorren asteburuan CD Lugo hartuko du Zubietan.

Fitxa teknikoa:

Sanse: Fraga, Merino (P. Rodríguez, min. 55), Beitia, Camara, Balda (Agote, min. 67), Guibelalde (Lebarbier, min. 55), Goti (kap.), Díaz (E. García, min. 67), Mariezkurrena (Osazuwa, min. 75), Ochieng eta Orobengoa.

Sestao River: Herrerín, Etxeberria, Efremov, Gálvez (Blanco, min. 46), Cordero, Garai, Bustillo, Planas (Aznar, min. 87), L. Martínez (kap.) (Barandilla, min. 93), Córdoba (J. Álvarez, min. 69) eta Echaniz (A. Gómez, min. 69).

Gola: 0-1: L. Martínez, min. 32

Epailea: Morona del Campo. Txartel horia erakutsi die etxeko Mariezkurrena, Lebarbier eta Gotiri eta kanpok Bustillori.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!