#EskerrikAskoXabietaTxarly

Merezi duten omenaldia

Datorren maiatzaren 12an, larunbata, Anoetan elastiko txuri-urdinarekin jokatzen duten azken partida izango da Xabi Prietorentzat eta Carlos Martinezentzat. Klubaren bigarren mendeko urrezko orria bikain idazten lagundu duten bi jokalari. Realetik, eskerrak eman nahi dizkiegu Carlos Martinezi eta Xabi Prietori Realean jokatzen erakutsi duten jardueragatik, eta onena opa diegu beraien etapa berrietan.

Bi jokalarion garrantziari erreparatuta, despedidako omenaldi bat prestatu dugu, partidaren ondoren ospatzeko. Horregatik, zale guztiei eskatzen diegu ahalegina egiteko, eta partida amaitu eta gero ez daitezela estadiotik joan, gure jokalariei agurrik onena egiteko.

Txuri-urdinen 10ak futbolari moduan izan duen ibilbide eredugarriari emango dio amaiera. Orain arte 530 partida jokatuta, klubaren historian partidarik gehien jokatu duen bosgarren jokalaria da, eta 500 partida ofizial baino gehiago jokatu duten Realeko futbolarien ohorezko zerrendan sartuko da, Gorriz, Larrañaga, Zamora eta Arconadarekin batera. Gainera, bera ere Realeko ‘One Club Man’ bihurtuko da. Zelaiaren barruan zein kanpoan erakutsi duen klasea betiko grabatuta geratuko da familia realzalearen gogoan.

Carlos Martinezek 13 urte zituen Zubieta lehen aldiz zapaldu zuenean. Hortik aurrera, karrera itzela egin du txuri-urdin jantzita, arrakastak partekatuz eta bihotzean Reala harro eramanez. Lehen taldean 11 denboraldi eginda doa, eta orain arte 208 partida ofizial jokatu ditu. Orain bide berri bati ekitea dagokio, baina beti eramango ditu berekin familia txuri-urdin guztiaren errespetua eta maitasuna.

Xabi, Txarly, merezi duzuen omenaldia izango duzue, eta zuen zaleen maitasuna jasoko duzue Anoetako azken partidan. #EskerrikAskoXabietaTxarly

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!