Carlosen agurra

"Reala nire bizitza izango da"

Vídeo

Bere emaztea, Lydia, bere taldekide eta lehen taldeko teknikoa, kirol arduradunak eta Administrazio Kontseiluko kideak han zirela, Carlos Martinez Anoetako Estadioan hedabideen aurrean azaldu da Jokin Aperribay presidentearekin batera.

Agintari txuri-urdinak hitz politak izan ditu Carlosentzat. “18 urterekin sartu zinen Zubietan, bizitza igaro duzu Realean. Gertutik ezagutu dudan belaunaldi baten kide zara, balore ederrekoa eta giza izpiritu handikoa. Zure belaunaldia eredua da Realean eta Realarentzat. Klubeko onena zurekin eramatea espero dut. Zuk ere Realaren onena eraikitzen lagundu duzu. Eskerrik asko eman diguzun guztiagatik. Hau zure etxea da eta beti izango da”, esan dio Aperribayk.

Carlos Martinez, emozionaturik, “oraindik ez dut berria barneratu, asko kostako zait nire taldekideak gehiago ez ikustea, Zubietara goizero ez joatea, ohetik jeiki eta Realean ez pentsatzea. Reala nire bizitza da, 14 urterekin etorri nintzen hona, kategoria guztietatik pasa naiz eta egunero eskudoa bihotzean eraman dut. Harro nago egin dudan guztiarekin eta egiteko moduarekin. 18 urte hauek, nire bizitzaren parte izan beharrean, nire bizitza izango dira. Realetik noa, baina Realak ez du nigandik ihes egingo”, esan du.

Lodosakoak esker oneko hitzak izan ditu bere emaztea, gurasoak, taldekideak… “Hau da nire bizitza eta haiei esker politagoa izan da”. Dagoeneko bere ondoan ez dauden hiru lagunetaz oroitu da, Xabier Flores, Mario Soravilla eta Tximist. “Motibazio handia izan dira niretzat eta nirekin harro egotea espero dut. Reala nire bizitza da eta hemendik kanpo ere niretzat handiena izango da. Nire taldekideentzat onena opa diet. Plazerra izan da eta beti eramango zaituztet bihotzean”, esan du. Prentsa aretoak txalo zaparrada eskeini dio.

Carlos saiatu egingo da motzez jantzita agur esaten. Zaleei buruz, “maitatua sentitu naiz eta eman didaten guztia eskertzen diet. Nire onena eman dut eta jendeak eskertu egin du. Oso harro nago”, amaitu du.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!