MADRID CFF 1-2 REAL SOCIEDAD

Mugarik gabe

Vídeo

Realak denboraldiko hamargarren garaipena lortu du Madrid CFF-en aurka bat eta bi irabazi ostean Estadio Antiguo Canodromo futbol zelaian.

Talde txuri-urdinak, sailkapeneko bigarrenak, jokoa kontrolpean izan du partida hasieran eta gola egiteko aukera garbiena izan du. Epaileak Realaren aldeko penaltia adierazi du, baina Ulloaren geldiketa bikain batek Amaiurren gola ekidin du. Hortik aurrera, partida parekatu egin da eta bi taldeek izan dituzte gola egiteko aukerak. Intentsitate handikoak eta nagusitasunik gabekoak izan dira lehenengo zatiko azken minutuak. Gipuzkoarrei dagokienez Franssi eta Irisek bilatu dute etxekoen atea bi erremate gogorrekin, baina desbideratuta joan dira jaurtiketak. Madrid CFF ere saiatu da gola egiten, baina Lleisen erdiraketa Nanclaresen eskuetara iritsi da.

Hogeita hemeretzigarren minutuan iritsi da goizeko lehenengo gola. Amaiurrek atera du kornerra eta Vanegasek sareetara bidali du baloia. Minutu gutxiren ostean Amaiurrek bere oinetan izan du bigarren gola, baina Ulloak, zailtasun handiz, aurrelari txuri-urdinaren errematea gelditzea lortu du. Sentsazio onekin eta markagailuan aurretik amaitu da lehenengo zatia.

Aldageletatik bueltan iritsi da etxekoen aukera garbiena Lleisek egindako jaurtiketa bati esker, baina momentu garrantzitsuenean agertu da Adriana berdinketaren gola ekiditeko. Madrildarrek intentsitate handiarekin hasi dute bigarren zatia berdinketa lortu nahian, baina gipuzkoarrek lan izugarria egin dute defentsan, eta hori gutxi balitz, erasoan ere min egitea lortu dute.

Nerea Izagirrek izan du bigarren zatiko aukera garbiena, baina bere errematea Madrid CFF taldeko defentsa batek urrundu du. Partida amaitzeko minutu gutxi falta zirela egin du Amaiurrek Realaren bigarren gola. Aurrelari donostiarrak Nuriaren erdiraketa bat aprobetxatu du, kontrol on baten ostean, goizeko bigarrena egiteko.

Partida erabakita zegoela ematen bazuen ere, Flor-ek markagailuko tartea moztea lortu du hogeita hamar metrotatik egindako jaurtiketa bati esker. Hala ere, txuri-urdinek beste garaipen bat erdietsi dute, denboraldiko hamargarrena, eta sailkapeneko bigarren postuan jarraitzen dute. Izugarria Natalia Arroyoren taldea egiten ari den denboraldia.


Fitxa teknikoa:

Madrid CFF: Paola (kap.), Daiane, Monica, Itzi P. (Kerolin, min. 46), Ana Fernandez (Flor, min. 79), Silvia R., Estela (Rita, min. 73), Cris Libran (Antonio, min. 79), Laurita, Gabi Nunnes eta Geyse. 

Real Sociedad: Adriana, Emma, Etxezarreta, Vanegas, Nuria R., I. Arnaiz, Mirari (N. Eizagirre, min. 63), Gaby, Pleuler (Gemma, min. 73), Amaiur (kap.) eta Franssi (Iraia, min.88).  

Golak: 0-1: Vanegas, min. 39; 0-2: Amaiur, min. 85; 1-2: Flor, min. 88 

Epailea: Muñoz Giovambattista. Txartel horia atera die Madrid CFF-eko Estelari eta Realeko Pleulerri.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!