REAL VALLADOLID 1-2 SANSE

Oso bizirik

Vídeo

Sansek garaipen oso garrantzitsua lortu du denboraldiko irteerarik zailenetako batean, Real Valladolidi bat eta bi irabazita eta mailari eusteko borrokan bizirik jarraitzen duela erakutsiz.

Lehen zatia oso parekatua eta lehiatua izan da. Etxekoek eraman dute partidaren pisua, eta hori planen barruan sar zitekeen taldearen garrantzia kontuan hartuta, baina ia ez dute arriskurik sortu txuri-urdinen atean. Bi aukera garbi baino ez dituzte izan, lehenik Toni Villaren erremate batekin Zubiaurrek aldaratzea lortu duena, eta atsedenaldia baino lehen Anuarren erremate bat, gurutzatuegia joan dena. Gipuzkoarren onena Martinen bitartez iritsi da, ezkerkada handi batekin, baina hori ere desbideratu egin da. Meritu handiko lehenengo zatia egin du gure filialak, zelai oso zail batean borrokatuz.

Etxekoak martxa bat gehiagorekin atera dira bigarren zatian, baina txuri-urdinen defentsa-lanak maila oso altukoa izaten jarraitu du. Xabi Alonsoren mutilak bere momentuaren zain egon dira, eta ezkerretik geldikako jokaldi baten bitartez iritsi da gola. Martinek area barruan jarri du baloia, Blascok buruarekin ukitu du, eta El Yamiqek sare barrura desbideratu du baloia. Izugarria. Valladolidek asko estutu du eta hiru minutura berdinketa lortu du Weissmanen bitartez, baina Anuar jokoz kanpo zegoen erdiraketa baino lehen eta VAR-ak epailearen erabakia aldatu du. Amaierarako ordu laurden pasatxo falta zenean, Solaren bigarren zutoinean egindako erremate bikain bati esker, El Yamiqek bere atera desbideratu du, Sanseren bigarren gola egiteko. Etxekoek aldeak murriztu dituzte Ivan Sanchezen bitartez, eta azkenera arte sufritu behar izan dute gipuzkoarrek. Baina txuri-urdinen erresistentzia goraipagarria izan da eta hiru puntuek ez dute ihes egin.

Garaipen oso garrantzitsua gure filialarentzat. Kolpe bat mahai gainean, egoera zailenean zeudenean, eta kategoriako zelairik zailenetako batean. Meritu handikoa. Lau final aurretik eta salbazioa lau puntura. Posible da. Datorren larunbatean Fernando Torres futbol zelaia bisitatuko du Fuenlabradaren aurka jokatzeko. Aupa Sanse!

 

Fitxa teknikoa:

Real Valladolid: Masip (kap.), Janko (Hervias, min. 80), J. El Yamiq, Josema, R. Carnero (Morci, min. 80), I. Sanchez, Aguado, Anuar (Cristo, min. 73), G. Plata, Toni Villa eta Weissman. 

Sanse: Zubiaurre, Sola (Gabilondo, min. 80), Blasco, G. de Zarate, Arambarri, Martin (Garrido, min. 90), Aldasoro (Gomez, min. 75), Turrientes (kap.), Olasagasti, Navarro (Lobete, min. 75) eta Magunazelaia (Alkain, min. 90). 

Golak: 0-1: J. El Yamiq (p.p.), min. 60; 0-2: J. El Yamiq (p.p.), min. 77; 1-2: I. Sanchez, min. 86.

Epailea: Galvez Rascon. Txartel horia erakutsi die etxeko G. Platari eta kanpoko Blasco, Aldasoro eta Olasagastiri.



Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!