NÀSTIC DE TARRAGONA 1-3 SANSE

Pauso batera

Vídeo

Sansek bat eta hiru irabazi dio Nàstic de Tarragonari Bigarren Mailara igotzeko playoffetako finaleko joaneko partidan. Txuri-urdinek denboraldiko neurketarik onenetako bat egin dute unerik garrantzitsuenean eta emaitza oso ona lortu dute itzulerarako.

Bizia izan den lehen zati batean, talde donostiarra jaun eta jabe izan da eta aurrea hartu dute markagailuan hasi eta gutxira. Eder Garciaren pase sakon baten ostean, Gorka Gorosabelek zutoinera bidali du buruz eta aldaratzean Dufurrek baloia bere atean sartu du. Handik gutxira, Gorka Gorosabel berak Astiazaran aurkitu du, baina honen ezkerkada gurutzatua zutoinetik oso gertu joan da. Minutuek aurrera egin ahala, kataluniarrak hobetuz joan dira eta Arana proban jarri dute Antoñinen jaurtiketa indartsu batekin. Kanpokoen erantzuna Orobengoak eman du Rebollok gelditu duen eskuinkada batekin. Azken minutuetan ez da markagailua mugitu eta atsedenaldira abantailarekin iritsi da Sanse.

Bigarren zatian, Nàstic hobeto zelairatu da, baina ez da ia Aranaren ingurura hurbildu. Gipuzkoarrek, minutuek aurrera egin ahala gora eginda, abantaila handitu dute euren lehen iritsieran: Beitiak pase bikaina eman dio Baldari, honek Dufur atzean utzi ostean egindako jaurtiketa Rebollok baztertu du, baina Mikel Rodriguezek aldaratzea aprobetxatu du 0-2koa egiteko. Gure filialak ondo kontrolatu du norgehiagoka eta defentsan sendo mantendu dira, baina azken txanpan, etxekoek aldea murriztu dute, Migueren erdiraketa Pablo Fernandezek sarera errematatu baitu buruz. Kataluniarrek guztiarekin gora egin dute berdinketaren bila, eta, luzapenean, Aranak bi geldiketa ikusgarri egin ditu: lehenik, Kontxaren urrutiko jaurtiketa bati, eta, ondoren, Oscar Sanzek area txikian egindako burukada bati. Jokaldi horren ostean, donostiarrek kontraeraso zoragarria egin dute, Carrerak 1-3koarekin amaitu dena, banakako jokaldi bikain bat egin eta gero.

Bigarren Mailatik pausotxo bat gertuago sekulako partida egin ondoren. Txuri-urdinek, nahiz eta jokalari batzuk ezin jokatu, eurek dakiten bezala jokatzen jakin dute eta edonork sinatuko zukeen emaitza lortu dute. Datorren igandean bukatu behar da lana etxean. Partida bakarra falta da eta gure eskuetan daukagu helburua. GOAZEN!

Fitxa teknikoa:

Nàstic de Tarragona: D. Rebollo, Migue, U. Dufur, E. Pujol, Joan Oriol (kap.), Gorostidi, Montalvo (Óscar Sanz, min. 58), Víctor Narro (D. Concha, min. 64), R. Torres (J. Jardí, min. 58), Antoñín (Á. Jiménez, min. 72) eta Pablo Fernández.

Sanse: Arana, Rupérez, Beitia, P. Rodríguez (kap.), Balda, Carbonell (Lebarbier, min. 85), E. García, M. Rodríguez (Guibelalde, min. 85), G. Gorosabel (Marchal, min. 58), Astiazaran (Ramírez, min. 58) eta Orobengoa (Carrera, min. 72).

Golak: 0-1: U. Dufur (b.a.), min. 10; 0-2: M. Rodríguez, min. 60; 1-2: Pablo Fernández, min. 82; 1-3: Carrera, min. 94.

Epailea: Morilla Turrión. Txartel horia erakutsi die etxeko Migue eta Óscar Sanzi eta kanpoko G. Gorosabel eta Baldari.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!