Sansek huts eta bat galdu du Arenteiroren aurka gaur arratsaldean Zubietan. Sergio Franciscoren mutilek gol bat jaso dute aldageletatik bueltatu bezain laster eta ezin izan dute gol hori berdindu, nahiz eta bigarren zatian partidaren jabe izan.
Partida parekatua hasi da, bi taldeek baloiaren jabetza lortu nahi izan dute eta. Sanse izan da baloi gehien izan duena lehenengo zatian zehar, baina ezin izan ditu gola sartzeko abagune oso argiak sortu. Eder Garcia, aldaratutako jaurtiketa batekin, eta Rupérezek, gora joan den saiakera batekin, izan dira gehien urbildu direnak. Kanpoko taldeak joko zuzenago bat erabili du aurkako areara iristeko. Horri esker, aukera argiak sortzeko gai izan da. Enol Rodríguez eta Pascualek izan dituzte abagune garbienak. Bien jaurtiketak Fragak ondo gelditu ditu.
Bigarren zatia modurik okerrenean hasi da Sanserentzat. Enol Rodríguezek area barruan pase bat jaso ondoren, Fraga gainditzeko gai izan da. Gola jaso duen momentutik saiatu da erantzuten talde donostiarra. Dani Díazek jokaldi oso ona egin eta gero sartu da areara, baina bere jaurtiketa gutxigatik joan da kanpora. Rupérez ere saiatu da jaurtiketa indartsu batekin. Diego Garcíak bere jaurtiketa gelditzea lortu du. Sergio Franciscoren mutilak bigarren zatiaren jabe izan dira eta behin eta berriz saiatu dira berdinketaren gola sartzen. Arenteirok lan defentsibo ona burutu du eta azkenean hiru puntuak eskuratu ditu Zubietan.
Partida ona burutu arren, Sansek ezin izan du punturik lortu. Asteazkenean beste aukera bat izango dute txuri-urdinek. Goazen Sanse!
Fitxa teknikoa:
Sanse: Fraga, Rupérez, Beitia, P. Rodríguez, Agote (Astigarraga, min. 72), Carbonell (Lebarbier, min. 72), E. García, Goti (Marchal, min. 63), Díaz (Mariezkurrena, min. 63), Orobengoa (Carrera, min. 79) eta Ochieng.
CD Arenteiro: D. García, Alba (Alonso, min. 80), J. Sánchez, Moreno, Simao, Solar, Prendes, Aguado (Asis, min. 80), D. Gómez, E. Rodríguez eta Ferreiro (Berardozzi, min. 90).
Gola: 0-1: E. Rodríguez, min. 48
Epailea: Cueto Amigo. Etxeko taldean Rupérez eta E. Garcíak ikusi dute txartel horia. Kanpoko taldean Solar eta Agudok.